Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak eman dio hasiera 'Adinekoei Arreta Ereduak. Etxean ez bada, etxean bezala' udako ikastaroari

Lide_A-curso_UPV.jpg

2022-09-14

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak gaur goizean inauguratu du Donostian EHUren Adinekoei laguntzeko ereduak. Etxean ez bada, etxean bezala udako ikastaroa.

Hitzaldian, eta Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria bertan dela, Amilibiak adierazi du “pertsonak zaintzeko, autonomia pertsonala zaintzeko eta bizi-kalitatea sustatzeko edo mantentzeko eredu egokienak bilatzea” dela Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren gizarte-politiken ardatz nagusietako bat.

Azaldu duenez, Gobernuak “epe ertain eta luzerako” apustua egin du “zainketen berrantolaketa sozialaren alde, sektore publikoaren gidaritzapean. Bizitza osoko gizarte-zainketen ikuspegi zeharkako, diziplina anitzeko eta integrala hartuko duen eredu berri baterako trantsizioa”. Azaldu duenez, “zainketen gizarte-antolaketan oinarritzen den eredua da, gizabanakoen eskubideak eta erabakitzeko ahalmena zaindu eta finkatzen dituena, eta etxean ahalik eta denbora gehien egoteko nahiari erantzuten diona”.

Sailburuordeak nabarmendu du beharrezkoa dela “zainketak demokratizatzea”; horiek “familia-eremua gainditzen dutela eta, zehatzago, emakumeen eremua”. Lan hori, argudiatu duenez, “beste guztiak bezala, gizonek eta emakumeek partekatu behar dute; familiek; komunitateak; gizarte-ekimeneko eta -esku-hartzeko erakundeek; enpresek eta, nola ez, erakunde publikoek; guztion onerako diren gizarte-, osasun- edo hezkuntza-zainketako sistemak garatzeko erantzukizuna daukagu. Justuagoak, berdintasunezkoagoak eta iraunkorragoak”.

Gaineratu duenez, beharrezkoa da “zainketen eredua eraldatu eta dibertsifikatzea, erakundeen eta familiaren zaintzaren oreka berria lortzeko, lehenengoa indartuz”.

Amilibiak adibide gisa aipatu ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen dituen edo parte hartzen duen esperientzia batzuk, hala nola Pasaia Herri Lab, Euskadi Lagunkoia Sarea, BetiON Telelaguntza Aurreratuaren Zerbitzua edo ZAINTEL eta Etxean Zaindu zaintzaileentzako programak.