Gasteiz free-styleren hiriburu bihurtuko da USN World Summer Cup ospakizunarekin

2022-06-29

Gaur USN World Summer Cup ekitaldia aurkeztu da prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jesús García de Cos, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Val eta Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi-ordezkari Estíbaliz Canto.

Bere esparruan erreferente den lehiaketa hau hartuko duten sei hirietako bat izango da berriro Arabako hiriburua, besteak beste, Bartzelona, Gijon, A Coruña eta Madrilekin batera. Lehiakideak lau multzotan banatuta daude sailkapen-fase honetan, eta haietatik bi joango dira hiri bakoitzera. Multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira final handirako.

Sailburuordeak nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak laguntzen duen ekitaldi hau. Jesús García de Cosen iritziz, Euskadik USN World Summer Cup Gasteizen hartzea berri on bat da, hiru arrazoirengatik: hiria sustatuko duelako, Lurraldearen enbaxadore bihurtuko diren kultura-agitatzaileak etorriko direlako, eta gure kultura-eremuari bultzada bat emango diolako.

Prentsaurrekoan, sailburuordeak Fiturreko standean Endika Gutierrez 'Invert'ek egindako emanaldia gogora ekarri du; rap erritmoan ezagutzera eman zuen Arabako eta Gasteizko ondare kulturala eta naturala, oso txalotua izan zen free-style batean.

Izan ere, sailburuordeak prentsaurrekoan aipatu duenez, egungo gizarteak askotarikoak dira, mestizoak. “Eta Euskadin egiten den eta euskaldunek egiten duten rap free-style horrek asko du mestizaje eta irekitasun horretatik. Kanpotik iristen zaizkigun elementuak, erritmoak eta eraikuntzak hartzen ditu, eta gure ezaugarri urbanoak, gure iruditeria txertatzen ditu. Hala, definitzen gaituen elementu kultural berri bat da emaitza.”