Garamendi sailburuak autogobernuaren eta transferentzien euskal eredua azaldu dio Txileko Biobío eskualdeari

Garamendi_Biobio_azala.jpg

2022-04-28

  •  Sailburuak bide telematikoz parte hartu du "Eskumenak eskualdatzeko prozesu eta esperentzia konparatuari buruzko Nazioarteko Mintegian". Mintegia eskualdeko gobernuak antolatu du, Txileko estatua deszentralizazio-prozesu baterako prestatzen ari baita

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak bide telematikoz parte hartu du, gaur, Txileko Biobío eskualdeko gobernuak antolatutako "Eskumenak eskualdatzeko prozesu eta esperentzia konparatuari buruzko Nazioarteko Mintegian". Hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak euskal erakundeen arkitekturaren gakoak, Eusko Jaurlaritzak garatutako politika publikoak, euskal autogobernuaren eredua eta Euskadiri dagozkion gaien transferentzia-prozesua azaldu ditu.

Sailburuak nazioarteko foro honetan parte hartu du beste eskualde batzuetako ordezkariekin batera, hala nola, Pichincha Probintzia (Ekuador) edo Neuquen (Argentina).

Gabriel Boric gobernura iritsi berritan, Txileko Errepublikak deszentralizazio-prozesu bat ireki du, eskualdeko agintariekin batera garatu nahi duena. Gobernadoreak sailburuari adierazi dionez, helburu horretarako prestatzeari begira, Biobíok erreferentzia interesgarria aurkitu du euskal ereduan, eta bertatik bertara ezagutzeko, bertatik bertara kontrastatu nahi izan du euskal agintariekin.

Biobío Txileko Errepublikaren erdialdean dago eta herrialdea osatzen duten hamasei eskualdeetako bat da. 1.600.000 biztanle inguru ditu eta Txileko hirugarren eskualderik populatuena da.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak jardunaldi horietan parte hartu izanak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzaren eta Biobío eskualdeko gobernuaren arteko lankidetza. Joan den martxoaren 23an, Txileko eskualdeko gobernadore Rodrigo Diaz Euskadin izan zen, eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Garamendi sailburuarekin bildu zen, besteak beste.