Eusko Jaurlaritzak zabaldu eta indartu egingo du gobernantza garden eta partaidetza eredua

gardena_erd.jpg

2022-04-21

  • Gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege-aurreproiektuaren aurretiazko kontsultaren partaidetza izapidea abiatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritza gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege-aurreproiektua prestatzen hasi da. Administrazio irekiagoa eta gardenagoa bultzatu nahi du, kudeaketaren berri ematen du denbora errealean, eta balio publikoa sortzen laguntzen die herritarrei, gobernuaren ekintzaren, gizarte zibilaren eta gizarte eta ekonomia jardueraren arteko orekan oinarrituta.

Olatz Garamendi Sailburuak zuzentzen duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak lege-aurreproiektua egiteko prozedurari ekin dio. Aurreproiektu horrek gobernantza ereduaren oinarriak jarriko ditu. Eredu hori nazioartean egiaztatutako gobernu irekiaren printzipioetan oinarrituta dago, eta herritarrak erdigunean kokatzen dira, administrazioak kontuak ematen ditu modu autokritikoan, eta elkarrizketaren bidezko lankidetzak balio publiko handiagoa sortzen laguntzen du. Horretarako, nahitaezkoa denez, lege-aurreproiektu bat egin aurretik, aste honetan bertan kontsulta publiko bat ireki da Irekiaren web atariaren eta iragarki taula elektronikoaren bidez, herritarrek beren ekarpenak eta hausnarketak egin ahal izan ditzaten prozesua aberasteko.

Lege-aurreproiektua legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren barruan kokatzen da, 148. konpromisoan zehaztutakoaren arabera. Euskal administrazio publikoaren gardentasuna Gobernu Irekiak hartutako doktrinaren barruko konpromiso gisa abiatzen da, herritarrak Euskal Administraziora hurbiltzean oinarritzen dena, Jaurlaritzaren ekintzetan erabakiak hartzeko prozesuan kontrola, parte-hartzea eta laguntza emanez. Honela bermatu nahi da pertsona bakoitzak egiaztatu ahal izatea gobernatzen dela, herritarren beharrei eta eskaerei erantzunez.

Ekimena administrazio onaren eta gobernu onaren kontzeptuetatik abiatzen da. Denbora luzez ulertu da nahikoa zela administrazio publikoaren hobekuntzan aurrera egiteko, besteak beste, prozedurak eta zerbitzuak digitalizatuz, kalitatea kudeatuz eta abar, baina administrazio ona kudeaketa teknika bat baino askoz gehiago da, gobernu onaren kontzepzioarekin lotzen den filosofia da. Horrek esan nahi du, Europako Gobernantzaren Liburu Zurian jasotzen den bezala, irekitasunaren, parte-hartzearen, erantzukizunaren, eraginkortasunaren eta koherentziaren printzipioak sustatzea, demokraziaren oinarri gisa eta gobernu onerako eskubidearen berme gisa, eta horrek politika hobeak, araudi hobeak eta emaitza hobeak ekarriko ditu, mundu globalizatu eta gero eta konplexuago batean.

Azken urteotan, EAEk neurriak bultzatu ditu gobernantza publikoan gardentasuna bultzatzeko eta herritarrek gauza publikoa deiturikoan parte hartzeko. Izan ere, informazioa eta gardentasuna indargune izan dira Eusko Jaurlaritzak pandemiaren aurrean duen erantzun estrategian, eta informazio guztia denbora errealean eskaini da.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta publizitate aktiboa urtetik urtera hobetzen doa, eta gardentasun eredua indartzen dute, pertsona orok herri administrazioen esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko duen eskubidea bermatzen baitu. Hori erakusten dute, besteak beste, Gardena gardentasun atariak, Legegunea webguneak, Kontratatzailearen Profilak (lizitazio deialdien eta horien emaitzen Internet bidezko publizitaterako plataforma elektronikoa, baita botere publikoek egiten dituzten kontratuei buruzko beste informazio garrantzitsu bat ere) edo Open Data Euskadi atariak, datu irekiak eta berrerabilgarriak eta horiek interpretatzeko bistaratze tresnak eskaintzen dituena.

Euskadi Gobernu Irekiaren Nazioarteko Aliantzako kide da 2018tik eta, hala, gobernu irekiaren ekintza plan aurreratuak gauzatzeko konpromisoa hartzen du, foru aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta euskal gizarte zibilarekin lankidetzan.