EUSKO JAURLARITZAK SENDOTU EGIN DITU COVID-19-ARI AURRE EGITEKO OSASUN-NEURRIAK, SASOIKO LANGILEAK DATOZENERAKO

2022-05-14

Pertsona horiei txertaketa eskainiko zaie, eta eman beharreko dosiak emango zaizkie, eskualdean dauden bitartean txertaketa-pauta osatzeko

 Osasun Sailak kanpaina bat jarri du abian, mahastizaintzako eta ardogintzako lanak direla eta Arabako Errioxako eskualdean izango diren sasoiko langileetan COVID-19aren aurreko osasun-neurriak sendotzeko. Pertsona horiei txertaketa eskainiko zaie, eta eman beharreko dosiak emango zaizkie, eskualdean dauden bitartean txertaketa-pauta osatzeko. Kanpaina maiatzeko bigarren hamabostaldian hasiko da.

Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta enpresa eta upeltegi kontratatzaileekin elkarlanean egiten ari da.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak nabarmendu du zer garrantzitsua den txertoak jartzea; izan ere, haien helburua da COVID-19a prebenitzea eta haren larritasuna eta heriotza-tasa gutxitzea eta, hala, bereziki pertsona-talde kalteberenak babestea. Kanpaina horren xedea da sasoiko langileek mahastizaintzako eta ardogintzako lanak “berme guztiekin” bete ahal izatea.  Era berean, esan du oso positiboa dela tartean diren eragile guztiek eginiko koordinazio-lana.

 

   Txertaketaren helburu nagusia COVID-19a prebenitzea eta haren larritasuna eta heriotza-tasa murriztea da, eta, horretarako, bereziki talde kalteberenak babestea. Oroitzapen-dosiek antigorputzen kopurua areagotzen dute eta, beraz, berriro areagotzen du babes-maila.

 

  Informazioa eman zaie inguruko udalei, enpresei eta pertsona kontratatzaileei eta enplegatuei, eskura dituzten baliabideak eta une bakoitzean bete beharreko protokoloak ezagut ditzaten. Txertaketa-gune bakarra egongo da eskualdearen barruan; zehazki, Samaniego udalerrian.

 

Era berean, Osasun Sailak azpimarratu du oso funtsezkoa dela prebentzio-neurriak betetzen jarraitzea.