Eusko Jaurlaritzak Mercedes Benzen elkarrizketarako eta akordiorako deia egin du, aurreikusitako inbertsioak sendotzeko

2022-07-05

  • Hezkuntza Sailak 28,8 milioi euro bideratuko ditu hainbat ikastetxe publikotako jantoki zerbitzurako

  • Eusko Jaurlaritzak enpresentzako laguntza-lerro berri bat jarri du abian kontziliazioa sustatzeko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. bertan, elkarrizketarako eta akordiorako deia egin die Mercedes Benz Vitoriaren langileen ordezkariei eta enpresa-zuzendaritzari, aurreikusitako inbertsioak sendotzeko.

Lehendakariak bihar Mercedes Benzek Stuttgarten dituen instalazioetara egingo duen bisita ere aipatu du bozeramaileak. Bertan, euskal erakundeen eta enpresaren artean izan den harremana aprobetxatuz, Euskadik, bere enpresa- eta industria-ehunaren arabera, baldintza egokiak eskaintzen dituela adieraziko du Lehendakariak, Mercedesek datozen hilabeteetan eta urteetan Europako lekuren batean egin nahi duen inbertsioa erakartzeko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Osasun-krisiak enpresa-ehunean eragindako kalteak arintzeko 2020an eta 2021ean abian jarri ziren ezohiko neurrien ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak, gaurko bilkuran, onartu du enpresa txiki eta ertainei, enpresaburu indibidualei eta profesional autonomoei finantza-laguntzak emateko 2022ko programa garatzen duen dekretua. Oraingoan, energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragindako inpaktu ekonomikoari erantzuteko laguntzak izango dira. 

Hezkuntza arloan, alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 28,8 milioi euro bideratzea jantokien zerbitzua kontratatzeko. Zehazki, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan dauden Hezkuntza Sailaren mendeko hainbat ikastetxe publikotan kudeaketa zuzeneko jantokien funtzionamendurako janari prestatuak egiteko, garraiatzeko eta emateko, elikagaiez eta lehengaiez hornitzeko eta prestazio osagarriak emateko zerbitzua kontratatzera bideratuko da gastu hori.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, 2022-2023 ikasturtean eta itunpeko ikastetxeen eskola-eremuan, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz dirulaguntzak ematen dituen Agindua. Deialdi honek 190.000 euroko zenbatekoa du. 

Osasunari dagokionez, Gobernu Kontseiluak gaur onetsi duen aginduaren bidez, aurten, 2,8 milioi euro bideratuko dira Euskadin lan egiten duten toki-erakunde eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzetara, prebentzio komunitarioko programak garatzeko, prebentzio-proiektuak egiteko eta adikzioen arloan arrisku eta kalteak murrizteko eta jarrera osasungarriak sustatzeko.  Era berean, laguntzak toki-erakundeetako adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak mantentzera bideratuko dira.

Eusko Jaurlaritzak, gainera, erakundeei eta enpresei zuzendutako beste laguntza-lerro bat onartu du gaur Gobernu Kontseiluan, kontziliazioaren arloko diagnostiko bat eta ekintza-plan bat lantzeko. Laguntza horien zenbatekoa 392.857,15 eurokoa da, eta enpresei eta elkarteei beren erakundeetan kontziliazio erantzukidea ezagutzen, barneratzen eta sustatzen lagunduko dien aholkularitza teknikoa kontratatzea du helburu.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 330.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko. Liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten EAEko udal-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. 

Prentsa-txostena