Eusko Jaurlaritzak "Datuaren Ekonomia" proiektuan jasotako Zibersegurtasunaren, Adimen Artifizialaren eta Konputazio Kuantikoaren arloko gaitasunak aurkeztuko ditu

edificioCIBERSEGURIDAD.jpg

2022-02-11

Ekonomia eta Ogasun Sailak bisita instituzional bat antolatu du otsailaren 14an eta 15ean Carme Artigas Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkariarekin Zibersegurtasunaren, Adimen Artifizialaren eta Konputazio Kuantikoaren arloan Euskadik dituen gaitasunak, “Datuaren Ekonomia” proiektuan barne hartuta daudenak, aurkezteko. Helburua da Euskadiko proiektuak posizionatzea Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismotik datozen Europako funtsak jasotzeko.

Horrela, urrian bidalitako hiru proiektu estrategikoak sakontzeko Nadia Calviño lehen presidenteordeak Iñigo Urkullu lehendakariarekin egindako bileraren ostean, topaketa hauetan aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte “Datuaren Ekonomia” proiektuaren xehetasunak, inplikatutako agenteen bitartez. Bileretan Ekonomia eta Ogasun Sailarekin batera parte hartuko dute Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak.

Zibersegurtasunarekin hasiko dute bisita, eta bilera Basque Cibersecurity Centeren egingo da Arantxa Tapia buru dela. Bertan BCSCko Batzordea: Ikerlan, Tecnalia, Vicomtech eta BCAM..

Bizkaiko Parke Teknologiak hartuko du astearte goizean industriara aplikatutako Adimen Artifizialaren arloko Euskadiko gaitasunen aurkezpena, BAICen, eta bertan parte hartuko dute Tecnaliak eta BCAMen ordezkariek. Topaketaren buruan Estíbaliz Hernaez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea izango da.

Bestalde, Konputazio Kuantikoaren arloko gaitasunak DIPCn aurkeztuko dira, eta bertan parte hartuko dute CFMk, CIC Nanogunek, Tecnaliak, BRTAk eta UPV/EHUk. Topaketaren buruan Adolfo Morais Unibertsitateetako sailburuordea izango da.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bilera bat antolatu du Vicomtechen egoitzan, Hernáezek zuzenduta, hizkuntzaren esparruko Adimen Artifizialaren arloko gaitasunak aurkezteko, helburua izanik Euskadiko ekimenak txertatzea PERTE Lenguaje proiektuan eta Adimen Artifizialean. Azken bilera horretan parte hartuko dute Vicomtechen, UPV/EHUren (Informatika Fakultatea eta Ingeniaritza Eskola) eta Tecnaliaren ordezkariek, eta Euskaltzaindiaren aurkezpen bat egingo du Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak. 

 

DATUAREN EKONOMIA

Nadia Calviñori aurkeztutako proiektu honek planteatzen du Euskadin datuaren ekosistema sortzea industriaren sektorera bideratuta, eta 2021 eta 2024 artean industria eta zerbitzu aurreratuetako BPGren % 40 gainditzeko helburuarekin. Euskadik dagoeneko zenbait tresna garatu ditu industriaren digitalizazioa sustatzeko, besteak beste: Basque Artificial Intelligence Center, Basque Cybersecurity Centre, ZIUR, konektagarritasun ultralasterra lurralde osoan, Basque Research and Technology Alliance, Basque Digital Innovation Hub eta BIND 4.0. Hori abiapuntu izanik, eta euskal ekonomiaren hazkunde, lehiakortasun eta produktibitate berriak artikulatzeko helburuarekin, aurreikusten da datuaren balio-katearen garapena. Lau maila nagusi ditu:

  1. INDUSTRIARAKO ADIMEN ARTIFIZIALEKO EUROPAKO ZENTROA: Datuaren Ekosistema proiektuaren elementu nagusi eta bultzatzailea da. Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) oinarri hartuta sustatu da, eta lankidetza-espazio publiko eta pribatu gisa sortu da. Helburua da Euskadiko adimen artifizialaren garapenaren buru izatea, enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetze aldera.

  2. DATUAREN SUBIRANOTASUNA: Azken belaunaldiko Data Center bat garatuko da. Data Center horrek Euskadiko hodeiko zerbitzuen eskaintza nabarmen bultzatuko du eta euskal industria-sareari alternatiba hurbila, fidagarria eta ekonomikoa eskainiko dio, datuen ostatatze segurua ez dadin enpresen digitalizazioa garatzeko oztopo bihurtu, batez ere enpresa txiki eta ertainetarako. Data center horrek kokapen bikaina izango du komunikazioen mapa globalean, Euskaditik sartzen baitira penintsulara Estatu Batuekiko itsaspeko zuzeneko konexio guztiak (Tata, Marea eta Grace Hooper kableak), eta Madril, Bartzelona eta Europako beste nodo handi batzuekin ezin hobeto konektatuta baitago.

  3. INDUSTRIA ZIBERSEGURTASUNA: Euskadiko espezializazio-hobi gisa, orain arte Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroak eta Ziur ekimenak sustatutakoa.

  4. QUANTUM EUSKADI: prestazio handiko konputazioa (HPC) eta teknologia kuantikoak planteatzen ditu erronka zientifiko, teknologiko eta industrialak ebazteko bide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko zientzian eta industrian inpaktu handia eragiteko potentziala baitute. Basque Excellence Research Center zentroek talentua erakartzeko egindako ahalegin koordinatuari esker, eta teknologia kuantikoen arloko ildo esperimentalen aldeko apustu estrategikoei esker, potentzial handiko panorama sortzen ari da eta Euskadi oso posizio lehiakorrean jar dezakete.

Lehendakariak otsailaren 4an aurreratu zuen bezala, Euskadiko erakundeak euren baliabideekin hasiko dira proiektu honetan, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak premiazko jotzen duen Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismotik iritsiko diren baliabideak lehenbailehen ezagutzea, hain zuzen ere, inplikatutako agenteek proiektuen inplementazioa eta programazioa behar bezala garatu ahal izan ditzaten.