Eusko Jaurlaritza "2022ko Bilboko Ilustreak" tituluak banatzeko ekitaldian izan dira

2022-12-15

  • Daniel Innerarity, Iraia Iturregi, Adolfo Arejita eta Susana Rodríguez sartu dira “Bilboko ilustreen” zerrendan eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango da “Hiriaren enbaxadorea”

Eusko Jaurlaritza “2022ko Bilboko Ilustreak” izendatzeko Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan egin den ekitaldian izan da gaur. Zeremonian “Bilboko hiriaren enbaxadorea” titulua ere banatu da, eta bertan izan dira Idoia Mendia Bigarren Lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua ,  Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gotzone Sagardui, Osasuneko sailburua.

Aurten “Bilboko ilustreak” zerrendan sartu dira:

  • Daniel Innerarity Grau, Filosofia Politikoko katedraduna, gizartea ikuspegi sakonetik aztertzeko eta analizatzeko duen gaitasunagatik, gizakiak etorkizun hobea guztiontzat eraikitzeko aukeratu behar dituen bitartekoak eta tresnak balioetsiz.
  • Iraia Iturregi Sustatxa, Athletic Clubeko futbolari ohia eta entrenatzailea, Athleticen balioak eta filosofia defendatzeagatik, zuri-gorrien grina, emakumeak kirolean ahalduntzearen defentsarekin eta talentuarekin uztartzeagatik.
  • Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria, hizkuntzalaria eta euskaltzain osoa, euskararen alde eta euskararen defentsan egindako ibilbide luzeagatik eta lan akademiko, literario eta dibulgatzaileagatik.
  • Susana Rodriguez Vicente, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea, lidergoak eta erantzukizunak markatutako karrera profesional handia landu duen emakumea izateagatik.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak “Hiriaren enbaxadorea” izendatu du Bilbao Orkestra Sinfonikoa, joan den martxoan bere sorreraren mendeurrena bete zuena.