Euskal administrazioak herritarren eskakizun berriei hobeto erantzuteko Jaurlaritzaren plan estrategikoa aurkeztu du Garamendik

2022-03-02

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak ARDATZ, Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalaren 2030erako Plan Estrategikoaren ildo nagusiak azaldu ditu

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak ARDATZ 2030erako Gobernantza, Berrikuntza Publiko eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, administrazio publikoan kudeaketa eredu berriak eta gobernantza kultura berria sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia xehatzen duena. Ekimenak, halaber, herritarrekiko harremanetan administrazio digital, erraz, parte-hartzaile eta garden baterantz aurrera egiteko beharrezko neurriak jasotzen ditu.

Garamendik, berak hala eskatuta, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, plana aurkezteko. Sailburuarekin batera, Jone Berriozabal Erakunde Harremanetarako Sailburuordea eta Javier Bikandi Herritarrei Arreta Emateko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria izan dira.

Gobernu programak legegintzaldi honetarako helburuak eta konpromisoak finkatzen baditu ere, administrazio publikoa etengabe hobetu beharrak eta zerbitzatzen duen gizartearen egoera aldakorretara egokitu beharrak legegintzaldien muga gainditzen dute. “Modernizazio hutsetik haratago, beharrezkoa da administrazioa berriz diseinatzea sustatuko duen etapa berri bati ekitea, herritarren eskaera eta eskakizun berriei hobeto erantzuteko”, nabarmendu du Sailburuak agerraldian.

ARDATZ datuen erabileran ere aurrera egiteko tresna gisa pentsatuta dago, zerbitzuak diseinatzeko eta enpresetan eta herritarrengan berrikuntza sortzeko, horiek jarduera ekintzaileetarako erabil ditzaketelako. Hori guztia erakunde eta organismo publikoen arteko lankidetza eta koordinazio esparruan, pertsonak Eusko Jaurlaritzaren politiken eta helburuen erdigunean kokatzeko.

Plan honen helburua administrazio publiko baterantz aurrera egiten laguntzea da. Administrazio publiko horrek kudeaketaren eta antolaketaren kultura izango du, balio eta estandar etiko eta zintzoak, berdintasunezkoak, euskera lanerako eta zerbitzurako hizkuntza gisa erabiltzea sustatuko dutenak, eta kudeaketa publiko aurreratuko sistemak izango dituztenak. Era berean, planaren xedea da administrazioak kalitatezko zerbitzu publiko pertsonalizatuak eskaintzea, herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa ematea, datuen eta informazioaren gobernantza segurua izatea, eta herritarrek zuzeneko kontrola izatea eta politika eta zerbitzu publikoak diseinatu eta gauzatzean rol aktiboa hartzea.

ARDATZ administrazioaren eraldaketa lortzeko asmoarekin sortu zen, balio publikoa sortuko duen eta herritarren zein sektore publikoaren premiei erantzungo dien erakunde publiko baterantz aurrera egiteko. Planak plangintza estrategikoari heltzen dio osotasun bakar gisa,  haren hedapenaren eraginkortasuna eta neurri eta jardueren gauzatzea erraztuko dituen dokumentu bakar gisa, bai eta horien kontrola, jarraipena eta ebaluazioa ere. Gobernu onaren, berrikuntza publikoaren eta gobernu digitalaren arloko erronkak identifikatzen ditu, eta horietako bakoitzaren jarduera ardatzak zehazten ditu:  

- Gobernu integroa, berdintasunezkoa eta elebiduna

- Gobernu berritzailea eta etengabeko ikaskuntzan

- Herritarrak ardatz dituen gobernu digitala

- Datuetan oinarritutako eta kontuak ematen dituen gobernua

- Gobernu irekia

Planak Gobernu Digitalaren Euskal Estrategia abian jartzeko konpromisoari erantzuten dio planak, legegintzaldi honetako Gobernu Programan jasotakoari, eta Gobernu Kontseiluak legegintzaldi honetarako plan estrategikoei buruz hartutako erabakia betetzen du. Akordio horrek Gobernantza eta Berrikuntza Publikoaren Plan Estrategikoa eta Gobernu Digitalaren Euskal Estrategia jasotzen ditu. Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila izendatu zen horien sustapenaren arduradun. «Gobernu programak legegintzaldi honetarako helburuak eta konpromisoak finkatzen baditu ere, administrazio publikoa etengabe hobetzeko eta zerbitzatzen duen gizartearen egoera aldakorretara egokitzeko beharrak legegintzaldien muga gainditzen du», azaldu die Garamendi sailburuak legebiltzarkideei.

Plana elkarlanean eta modu parte-hartzailean egin da, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek hartu baitute parte planaren formulazioan. Gainera, herritarrek Irekiaren bidez parte hartzeko prozesua ireki da.

Plan estrategikoaren indarraldia 2030era artekoa da, eta haren denbora-muga bat dator 2030 Agendarekin eta Europar Batasuneko beste plangintza estrategiko batzuekin. Exekuziotik eratorritako gastuen zenbatekoa 125 milioi eurokoa da.