Euskadiko gazteen iritziz, Europar Batasunak lehentasuna eman beharko lioke pobreziaren eta desberdintasun ekonomikoen kontra borrokatzeari, baita klima-aldaketaren kontra ekiteari ere

Argitalpen-data: 

Europar Batasuna. Euskadiko gazteen iritziei buruzko ikerketa 2022

Europako Batzordeak izendatu du 2022 Gazteen Europako Urtea. Hori dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Europar Batasunari buruzko ikerketa egin du. Ikerketa burutzeko 15 eta 30 urte bitarteko 4.000 gazte baino gehiago elkarrizketatu ditu 2022ko martxoaren 11 eta 15 bitartean. Jarraian, ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditugu.European Year of Youth

Europar Batasunaren esanahiari buruz hausnartzean, gazte gehienek Europar Batasuneko edozein herrialdetan bidaiatzeko, ikasteko eta lan egiteko askatasunarekin (% 73,7) eta moneta komunarekin, hau da, euroarekin (% 55,7) lotzen dute Europar Batasuna. Oro har, kontzeptu positiboak negatiboak baino gehiago aipatu dira.

Zuretzat zer da Europar Batasuna? (Aukera anitza)

Euskadiko gazteen erdiak baino gutxiagok dio lotura sentitzen duela Europar Batasunarekin (% 42,9, hain zuzen ere), baina % 3,3 soilik poztuko litzateke Europar Batasuna desagertuko balitz. Gazteriaren erdiak baino gehiagok interesa dute Europar Batasunari buruzko gaietan (% 59,0), baina gazteen heren batek bakarrik (% 33,8) ulertzen ditu Europar Batasunaren egitura eta funtzionamendua. EBrekiko loturari eta bere egitura eta funtzionamenduaren ulertzeari dagokienez, Euskadiko gazteak Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztien gazteen batez bestekoaren azpitik daude.

Euskadiko gazteak kritiko ageri dira Europar Batasunarekin: % 26,9 baino ez dago egungo funtzionamenduaren alde eta Europar Batasunak hainbat egoeratan egindako kudeaketa baloratzean Covid19aren pandemiaren aurkako lanak eta gazteria arloan egindakoak bakarrik lortzen dute gazteen oniritzia (5,3ko eta 5,2ko puntuazioak, hurrenez hurren, 0 eta 10 arteko eskalan). Ondoko egoeratan egindako kudeaketak, aldiz, ez du gazteen babesa lortu: klima-aldaketari buruzko borroka (4,4), Ukrainan dagoen gerra (4,4), gazteen langabezia (3,9), Greziako zor subiranoaren krisia (3,7) edo Siriako errefuxiatuen krisia (3,0).

Euskadiko gazteen iritziz, Europar Batasunak lehentasuna eman beharko lioke pobreziaren eta desberdintasun ekonomikoen kontra borrokatzeari (% 54,9), baita klima-aldaketaren kontra eta ingurumena babestearen alde ekiteari ere (% 51,8).

Zure iritziz, ondoko gaietatik zein lauri eman beharko litzaieke lehentasuna EBn?

Emaitza horiek Gazteen Euskal Behatokiak Europako Eguna (Maiatzaren 9a) ospatzeko egindako jardunaldi batean aurkeztu ditu.