Euskadik 3,9 milioi euro jasoko ditu Next Generation funtsetatik, turismo-ostatuko enpresei lotutako energia-efizientziako proiektuetarako

fnges.jpg

2022-03-15

Inbertsioari esker, turismo-arloko energia-efizientziako proiektuak finantzatu ahal izango dira Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan

 

Ministro Kontseiluak Euskadin 3,9 milioi euro banatzea onartu du gaur, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko 14. osagaiaren esparruan turismo-enpresei lotutako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko.

 

Helburua da turismo-enpresen lehiakortasuna handitzea eta, horretarako, energia-kostuak eta karbono-aztarna murrizten lagunduko duten energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuak garatzea.

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak laguntza lortzeko mekanismoak gaitu beharko ditu adierazitako onarpenaren ondoren. Programa berriari buruzko informazioa dagoeneko helarazi zaio sektoreari, eta parte hartzeko aukerari buruzko aginduaren xehetasunak landuko dira aurrerantzean. 

 

Establezimenduen energia-efizientziaren hobekuntza

 

Sailak dirulaguntzaren deialdia egin ondoren, azken hartzaileak Konferentzia Sektorialaren akordioan zehaztutako turismo-ostatuko enpresak izango dira: turismo-ostatura bideratutako eraikinen jabe diren pertsona fisikoak edo juridikoak, edota mota horretako eraikinen enpresa ustiatzaileak, errentariak edo emakidadunak.

 

Diruz lagundu ahal izango diren jarduketek honako hauek izan beharko dituzte xede: inguratzaile termikoaren energia-efizientziaren hobekuntza, energia berriztagarrien erabilera berokuntza, hozte, klimatizazio eta etxeko ur beroko instalazio termikoetan, eta argiztapen-instalazioen hobekuntza.

 

Jarduketek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren % 30eko murrizketa lortu eta justifikatu beharko dute, abiapuntuko egoerarekin alderatuta.

 

Diruz laguntzeko moduko jarduketak egiteko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da, aurretik aurrekontu erabilgarria amaitzen denean izan ezik.

 

Turismo-arloko Next Generation funtsen 3,9 milioi euroko ekarpen hori aurten Euskadin helmugako turismo-jasangarritasuneko planetara bideratutako 24 milioi euroei (3 urtetan 67 milioi euro izango dira) eta Euskadiko Donejakue Bideko baliabideak birgaitzeko Xacobeo Planaren 5,5 milioi euroei gehituko zaie. Funts horien helburua da euskal turismo-industriaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzea.