Ertzaintzak Herritarren Arretarako Bulego bat ireki du Abandoko tren-geltoki intermodalean, Bilbon

2022-10-05

  • Helburua da geltokian segurtasun publikoa indartzea eta edozein gorabeheratan nahastuta egon daitezkeen bidaiariei zerbitzua ematea
  • Herritarrengandik hurbil egoteko Bilbon irekitzen den laugarren bulegoa da, eta Deustun dagoen Ertzain-etxe nagusiaren lana osatuko du
  • Herritarren arretarako Bilboko gainerako hiru bulegoek ia 10.000 salaketa jaso zituzten 2021ean
  • Bulego hau Eusko Jaurlaritzak eta ADIFek sinatutako erakundeen arteko lankidetza-akordioari esker ireki ahal izan da, eta erakunde publiko horrek dohainik utzi du instalazioa

Ertzaintzak beste HAB – Herritarren Arretarako Bulego bat jarri du abian Bilbo-Abandoko Geltoki Intermodalean, segurtasun publikoa indartzeko eta edozein gertaeratan nahastuta egon daitezkeen bidaiariei zerbitzua emateko. Efizientzia eta gertutasuna eskainiko dizkie informazio bila edo polizia-laguntza eske hurbiltzen diren trenbide-zerbitzuaren erabiltzaileei.

Bestalde, Ertzaintzaren herritarren arretarako gune berri horrek trenbide-instalazioetako segurtasuna koordinatzen eta elkarlana hobetzen lagunduko du, eta, gainera, bidaiarientzat eta geltokiko langileentzat garantia bat izango da.

HAB bulego berria Bilboko Ertzain-etxearen mende egongo da ikuspegi funtzionaletik. Urte osoan emango du arreta ordutegi egokian, ahalik eta zerbitzurik onena emateko, eta kontuan izango ditu ekitaldi eta data bereziak edo jende asko elkartzen dutenak.

Lankidetza-hitzarmena

Bulego hau Eusko Jaurlaritzak eta ADIFek sinatutako erakundeen arteko lankidetza-akordioari esker ireki ahal izan da, eta erakunde publiko horrek dohainik utzi du instalazioa. Geltokiko eraikin osagarriaren beheko solairuan dagoen 50 metro karratuko lokal bat da, sarrera nagusia 8. nasatik du. Harrerako gunea eta salaketak jasotzeko gela bat ditu.

ADIFen eta Segurtasun Sailaren arteko lankidetza-akordioak higiezinaren lagapena jaso du, polizia-instalazioa izateko gaitu baita, bai eta Abandoko tren-geltokiaren barrutian segurtasunaren arloan elkarlanean eta lankidetzan jarduteko konpromisoa ere.

17 hurbileko bulego Euskadin

Herritarrei arreta emateko bulego berri honekin, Ertzaintzak jada herritarren arretarako 17 bulego ditu, erabiltzaileek egiten dituzten informazio edo salaketa eskaerei erantzuteko. Hurbileko bulegoak dira, gertaeraren batean nahastuta dauden pertsonengandik gertu daudenak eta Euskadiko ertzain-etxeek egiten duten zeregin nagusia osatzen dutenak.

Bulego berri honekin Bilbok herritarren arretarako 4 gune izango ditu: María Díaz de Haro kalean, Txurdinagan, Zabalburun eta estreinatu berria dena Abandon.

2021eko balantzea

2021ean bakarrik, Bilboko hiru HABek hamar mila salaketa jaso zituzten. Barakaldokoa izan zen lan-bolumen aipagarria izan zuen beste bat, iaz 2.700 salaketatik gora bideratu baitzituen. Bizkaiko gainerako bulegoak Portugaleten, Santurtzin, Mungian, Bermeon, Plentzian eta Loiuko aireportuan daude. Bestalde, Ibaizabalgo Ertzain-etxeak Basaurin du egoitza nagusia, eta bigarren bulego bat du Galdakaon.

Arabako lurraldean Ertzaintzak herritarren arretarako bi bulego ditu, bat Gasteizko Olagibel kalean eta bestea Agurainen. Gipuzkoan, bestalde, hiru bulego daude: Zumarragan, Arrasaten eta Donostiako Easo Plazan.

Salaketa elektronikoa

Herritarrei salaketak jartzeko erraztasunak emateko eta zerbitzu azkarra, eraginkorra eta efizientea emateko bide horretan, Ertzaintzak positiboki baloratzen du salaketak online jartzeko prozedura. Metodo erraza eta intuitiboa da, eta larriak ez diren delituen kasuan (agiriak, ondasunak edo dirua lapurtzea, ondasunetan kalteak egitea, zordunketa iruzurtiak, etab.) herritarrek polizia-zentro batera joan beharrik ez izatea lortzen da. Salaketa horiek jar daitezke egilea ezezaguna bada edo identifikatu ezin bada, gertaera norbaitek ikusi ez badu edo norbaiti deklarazioa hartu beharrik ez badago, indarkeria fisikorik, sexu-indarkeriarik edo larderiarik izan ez bada eta egitateak Euskadin gertatu badira.

Aurrerapen teknologiko esanguratsu horri esker, era horretako delituen biktimek edo horien izenean euren ordezkariek salaketa www.euskadi.eus webgunean jarri ahal izango dute eta era guztietako agiriak aurkeztu ahal izango dituzte salatu nahi dituzten egitateak egiaztatzeko: argazkiak, agiriak, etab. Salaketa onartzen eta sinatzen denean, balio juridiko osoa izango du. Une horretatik aurrera, pertsona hori edo baimenduta haren izenean esku hartzen duen pertsona digitalki sartu ahal izango da salaketaren ziurtagirian, aktaren kopian eta bere eskubideetan, eta, era horretara, ez du ertzain-etxe batera joan beharrik izango, nola eta ez duen gero salaketa osatu nahi edo garrantzizko datu berriren bat aurkeztu nahi.  

Oso prozedura segurua eta bermatzailea da, autentifikazio-sistema eta sinadura digital ofiziala izatea eskatzen baitu. Gainera, prozedura osoa pertsona bakoitzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan esleituta duen “Nire Karpeta” atalean erregistratuta geratuko da, eta beti egongo da eskuragarri aurretik identifikazio digital ofiziala baliatuta.

Salaketa elektronikoarekin Eusko Jaurlaritzak urrats handia eman du herritarrei izapideak sinplifikatzeko eta salaketak jartzeko prozesuak arintzeko bidean eta, horrekin, baliabide publikoen eraginkortasunean.

Larria ez den delitu baten biktima izan den pertsona batek ez badu ziurtagiri digital ofizialik eta izapidea online egin nahi badu, orain arte bezala, online eskuragarri dagoen formularioa jaits dezake eta, bete ondoren, ertzain-etxe batera jo dezake bertan identifikatu eta berresteko 72 ordu igaro baino lehen.