Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko dute Aste Nagusiko hurrengo bederatzi egunetarako segurtasun-dispositiboa

2022-08-19

  • Ertzaintzak eta Udaltzaingoak baterako segurtasun-operatibo koordinatuaren azken xehetasunak zehaztu dituzte gaur goizean: indartu egin dituzte segurtasuna eta zaintza, jai-gunearen barruan eta kanpoan, eta lehentasuna eman diote sexu-erasoak prebenitzeari.
  • Dispositiboak ebasketak eta indarkeriaz egindako lapurretak prebenitzea eta horien aurrean jardutea, bide-segurtasuna indartzea eta elikagaien segurtasuna kontrolatzea ere aurreikusten ditu.
  • Bilboko suhiltzaileak polizia-kidegoekin eta osasun-langileekin koordinatuko dira larrialdiei erantzuteko, babesa emango dute su artifizialak baino lehenago, bitartean eta ostean, eta uretan erreskateak egingo dituzte, behar izanez gero.

 

Badira hilabete batzuk Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa Aste Nagusirako segurtasun-dispositibo berezia prestatzen dabiltzala. Gaur goizean bertan, udaletxean egindako bileran, segurtasunaren azken xehetasunak zehaztu ditu Segurtasuna Koordinatzeko Batzordeak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru zela.

Bileran, Victoria Landa Ertzaintzako zuzendaria, Amaia Arregi Bilboko Udalaren Herritarren Segurtasuneko zinegotzia, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren buruak ere egon dira. 

Oro har, uri osora zabalduko den baterako segurtasun-operatibo koordinatua diseinatu dute. Izan ere, segurtasuna eta prebentzioa lehentasunezkoak dira polizia-kidego bientzat, kontuan izanda milioi bat eta erdi pertsona igaroko dela uritik, jaietako 9 egunetan zehar. 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteak uri osoan zehar ibiliko dira, egunaren 24 orduetan, kaleko zein uniformea jantzita, eta arreta berezia jarriko diete jende gehien pilatzen den tokiei. Hala nola, honako hauei: Areatza, Plaza Biribila, Zazpi Kaleak, Erkoreka plaza, Campo Volantin eta inguruak, Etxebarria parkeko barrakak, Abandoibarra eta Europa parkeko kontzertu-guneak, Casilda Iturrizar parkea, zezen-plaza, Indautxu plaza, Moyua plaza…

Agenteen plangintza koordinatua, eta erabakiak etengabe hartzea ere aurreikusten du dispositiboak, operatiboak unean-unean egokitu ahal izateko Aste Nagusiaren beharrizanetara. 

Agenteak urian patruilatzen ibiliko dira, delituak prebenitzeko eta egindako delituei erantzuteko —batez ere, ebasketak (kartera eta mugikorrenak), eta indarkeriaz egindako lapurretak—. Behar izanez gero, berehala erantzungo dute, dauden beharrizanen arabera. 

Nabarmendu beharra dago komisariatik kanpo ere salaketak jartzeko aukera egongo dela; batez ere, ebasketen kasuan. Horrelakoetan, jarduneko udaltzainek, salaketa-akta aldean daramatela, delitua gertatu den lekuan artatuko dituzte biktimak. 

ERASO SEXISTAK PREBENITZEA

Segurtasun-dispositiboak garrantzi berezia emango dio eraso sexistak prebenitzeari eta horiei erantzuteari. Zentzu horretan, handitu egingo da kaleko jantzita doazen, eta jai-gunearen barruan eta kanpoan erasoak prebenitzeko eta horiei berehala erantzuteko lanak egiten dituzten agenteen kopurua; eta, gainera, bideozaintza (neurri pasibo gisa) ezarri, eta erakunde arteko protokolo guztiak aktibatuko dira. 

BIDE-SEGURTASUNA. KONTROLAK INDARTZEA

Pertsonen babesa da segurtasun-dispositiboaren beste lehentasunetako bat: bilatuko da pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen arriskuak saihestea edo txikiagotzea, baita bide-segurtasunari dagokionez ere. Beraz, beste urte batez, indartu egingo dira alkoholemiaren eta droga-kontsumoaren alorreko prebentzio-kontrolak.

Zentzu horretan, Udaltzaingoak hainbat kontrol planifikatu ditu, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, uriko zenbait tokitan. Ertzaintzak gauza bera egingo du, urira sartzeko puntu desberdinetan. Horren guztiaren xedea da herritarrak kontzientziatzea gidatzerakoan alkohola eta drogak ez hartzeak duen garrantziaz; alegia, tasa seguru bakarra % 0,0 dela ikusaraztea

Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioen pronostiko larriagoarekin. 

2019an, ia 50 kontrol egon ziren. Horietan, 668 alkohol-proba (32, positibo) eta 56 droga-proba (4, positibo) egin zituzten. Trafiko-istripuetan zauritutako pertsonen kopurua aurreko urteen antzekoa izan zen: 15 istripu, eta haietako bakar batean eman zuen gidariak emaitza positiboa alkoholemia-proban.

ELIKAGAIEN SEGURTASUNA

Udaltzaingoak elikagaien legez kanpoko kaleko salmenta ere kontrolatuko du. Izan ere, ezin da posturik jarri dagokion udal baimenik gabe; eta ez daude baimenduta, ezta ere, ebakuazio-bideak oztopatzen dituztenak edo herritarren segurtasuna eragozten dutenak. 

2019ko edizioan, inolako osasun-kontrolik gabe saltzen ari ziren 200 kg elikagai konfiskatu zituzten udaltzainek. 

GALDUTAKO ETA AURKITUTAKO OBJEKTUEN SALBUESPENEZKO ZERBITZUA

Udaletxean, Udalaren Ikuskaritzan (Udaltzaingoa), Galdutako eta Aurkitutako Objektuen Salbuespenezko Zerbitzua jarriko da martxan berriro ere, jaietan zehar galtzen diren gauzak ahalik eta lasterren itzuli ahal izateko (diru-zorroak, giltzak eta/edo mugikorrak, batez ere). 

Zerbitzu hori zabalik egongo da eguneko 24 orduetan, Aste Nagusi osoan zehar (telefonoa: 94 420 49 81), eta lau pertsona egongo dira arreta ematen, une oro. Galdutako gauzak —funtsean, dokumentazio pertsonala— berreskuratzeko denbora murriztu nahi da zerbitzu horren bitartez.

Galdutako objektua zer den, interesdunari dagokion informazioa eskatuko zaio; eta, telefono mugikorren kasuan, ezinbestekoa izango da IMEIa ematea. 

Herritarren lankidetza eskatzen da, galdutako objektuak aurkitu bezain laster bulego horretara eraman ditzaten —itzulketen arrakasta objektuak aurkitzeko azkartasunaren eta jabeekin berehala harremanetan jartzearen menpe dago eta—. 

BABES ZIBILA

Hiriak osasun-dispositibo garrantzitsua izango du, jai-eremu guztiak estaliko dituena, larrialdiak artatuko dituena eta polizia-kidegoekin eta suhiltzaileekin koordinatuta egongo dena. Horrela, Udalak anbulantziak eta osasun-langileak erabiliko ditu Abandon, Casilda andrean, Europa Parkeko eta Abandoibarrako kontzertu-guneetan, Etxebarria Parkeko azoka-barrutian eta barraken ordutegian. Azken hori indartuko da su artifizialak jaurti aurretik, jaurti bitartean eta ondoren. 

Bilboko Udaleko Suhiltzaileen Kidegoak prebentziozko dispositibo handi bat ere ezarriko du, suteak prebenitu eta itzaltzeko, bai eta polizia- eta osasun-zerbitzuei laguntzeko ere, zaurituak artatu eta ebakuatzeko lanetan. 

Su artifizialetan zehar, osasun-zerbitzua egongo da ikuskizuna baino lehen, bitartean eta ostean. Dispositibo hori suhiltzaileen, osasun-langileen eta udaltzainen talde batek osatuko du, eta Udaletxearen ondoan egongo den agintaritza-postu aurreratu baten bidez koordinatuko da. 

Suhiltzaileek artatuko dituzte bai su artifizialak jaurti bitartean gerta daitezkeen gorabeherak, bai ikuskizunaren ondorioz hurbilen dauden etxebizitzetan sor daitezkeenak. 

ERRESKATEAK URETAN

larrialdi-zerbitzurako bide bat egongo da itsasadarrean, eskumako ibaiertzean 20 metro zabal izango da, eta ontziek ezingo dute hura erabili. Balizatuta egongo da, eta ebakuazio- eta larrialdi-kasuetan baino ez da erabiliko. Itsasadarraren kontrola 21:00etatik 01:00etara egingo da, Gurutze Gorriaren, Ertzaintza, Guardia Zibilaren eta Bilboko Suhiltzaileen ontzien bidez.