EIJO - Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra: ikasleen Big Band-ak prest ditu udako kontzertuak
2022-07-05
- Asteburu honetan eskainiko ditu EIJOk udako kontzertuak Eibarren, Azkoitian eta Arrasaten; uztailaren 12an Arabako hiriburuan joko dute, Gasteizko Jazz Jaialdiaren egitarauaren barruan
- Nazioartean entzute handia duten konpositoreek taldearentzako propio idatzitako lanak joko ditu EIJOk kontzertuetan
- Instrumentazioagatik eta soinuagatik, bakarra da EIJO munduan; Big Band-en errepertorio tradizionala Euskal Herriko musika tresnekin fusionatzen du
Prest dago dena. Musika eskola eta kontserbatorioetako 30 neska-mutileko taldea hasi da musika-tresnak berotzen, eta kontzertuetarako zenbat egun geratzen diren zenbatzea besterik ez da falta, beste uda batez, swingez gainezka datozen doinuez gozatzen hasteko. EIJO da, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, bakarra munduan bere instrumentazioagatik eta soinuagatik; izan ere Big Band-en errepertorio tradizionala Euskal Herriko musika tresnekin fusionatzen du EIJOk: alboka, trikitia, txalaparta eta txistua. Soinu bikaina du!
Uztailaren 4an, astelehenean hasita, EIJO osatzen duten 30 ikasleak astebeteko kontzentrazioa eta entseguak ari dira egiten Azkoitiko Abaraxka aterpetxean, berehala izango dituzten kontzertuak prestatzeko. Aste trinkoa izango dute igandera arte. Kontzertuak asteburu honetan bertan eta uztailaren 12an eskainiko dituzte: uztailak 8, ostirala, Eibarren; uztailak 9, larunbata, Azkoitian (entseguak burutzen ari diren Abaraxka aterpetxean bertan); uztailak10, igandea, Arrasaten; eta uztailak 12, asteartea, Gasteizen, bertako Jazz Jaialdiaren egitarauaren barnean. 14 eta 20 urte bitarteko ikasleek beraientzat osorik konposaturiko errepertorioa eskainiko dute kontzertuetan.
30 musikari gazte
2021eko abenduan egin zituen EIJOk hautaprobak Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleen artean. Audizio haien bidez, Euskadiko ikaslerik aurreratuenak aukeratu ziren EIJO osatu eta kalitaterik oneneko interpretazioak ziurtatzeko. 30 ikaslek osatzen dute aurten EIJO, honako instrumentazio honekin:
-Ahotsa
-Alboka
-Bateria
-Baxu elektrikoa
-Gitarra elektrikoa
-Pianoa
-Saxofoia
-Trikitia
-Tronboia
-Tronpeta
-Txalaparta
-Txistua
EIJOrentzat propio konposatutako errepertorioa
EIJOk uda honetako kontzertuetan 70 minutu inguruko errepertorioa eskainiko du, taldearentzako propio idatzitako lanekin erabat, Big Band-aren soinuak euskal musika tradizionalarekin uztartuz. Aurten, EIJOk zortzi enkargu eskatu dizkie nazioartean entzute handia duten konpositoreei, Big Band honentzat lanak idatzi ditzaten. Hauek dira EIJOrentzat lanak konposatu dituzten konpositoreak:
- Miguel Blanco: Grammy sari baten irabazle, disko latinorik onenaren atalean. SGAEren Jazz Koposizio lehiaketa irabazitako konpositore eta moldatzailea.
- Carlos Sagi: perkusionista eta konpositorea. SGAEren Big Band-entzako moldaketen lehiaketaren irabazle.
- Sergi Verges: Bartzelonako Conservatori Liceu-ko BIg Band-aren zuzendari.
- Iñaki Askunze: saxojolea, pedagogoa eta konpositorea. SGAEren Big Band-entzako moldaketen lehiaketaren irabazlea hainbat alditan.
- Alain Sancho: European Blues Challenge lehiaketaren irabazlea Travellin Brothers taldearekin, eta Bilboko Kontserbatorioko irakaslea.
Kontzertu egitaraua:
Poema del Joven.........................Iñaki Askunze
Maitia Kattalin..................................Carlos Sagi
Trikifunk........................................Alain Sancho
Arratiako Jotea................................Carlos Sagi
Dirurik Zuririk...................................Alex Davies
Ahohandi.......................................Sergi Vergés
Itzultzen.......................................Miguel Blanco
Ura eta Lurra...................................Carlos Sagi
Iragan ikasturtean EIJOk dokumentala grabatu zuen udako bere kontzertu-biran. Jacky Berecochea, Miguel Blanco, Carlos Sagi eta de Sergi Vergesen piezekin CDa eta DVDa grabatu zituzten, talde gazte honek duen talentuaren eta egiten duen lanaren erakusle bikaina.
EIJO -- Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra
2022ko uda
Zuzendaria: Alain Sancho
|
Egonaldia eta entseguak Uztailak 4-10 Abaraxka aterpetxea - Azkoitia
|
Kontzertua
|
Uztailak 9, larunbata Azkoitia, Abaraxka aterpetxea 19:30etan
|
|
Kontzertua Uztailak 8, ostirala Eibar, Errabal Plaza 20:00etan
|
|
Kontzertua Uztailak 10, igandea Arrasate, Herriko Plaza 13:00etan (Arrasate Blues Kaialdia) |
|
Kontzertua Uztailak 12, asteartea Gasteiz, Principal Antzokia 19:30etan (Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdia) |
Zer da EIJO?
EIJO, Euskadiko Jazz Ikasleen Orkestra, Hezkuntza Sailak bultzatutako proiektu bat da, hezkuntza eta musika uztartzen dituena, eta Euskadin musika-prestakuntza jasotzen duten ikasleen artean musika modernoa, jazz-bertsioan, sustatzeko eta lantzea du helburu. Proiektua 2015ean sortu zen, Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) hasitako esperientziari jarraituz. EIO ere Euskadiko kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleek osatzen duten orkestra sinfonikoa da.