Bingen Zupiriak Gure Artea 2022 saria eman die Mari Puri Herrerori, Nora Aurrekoetxeari eta Consonni-ri

Argitalpen-data: 

  • Mari Puri Herrerok ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lana aitortzekoa eta Consonnik arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzekoa
  • 40 urte bete dira sariak sortu zirenetik, eta Zupiriak nabarmendu du Gure Artea sariak artearen euskal sistemaren ikur direla

Donostia 2022/10/04

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Gure Artea 2022 sariak emateko ekitaldiaren buru izan da gaur. Sari hauek arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak dira. Donostian, Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, egin da ekitaldia eta bertan jaso dute aitorpena Mari Puri Herrerok, Nora Aurrekoetxeak eta Consonni arte ekoizle eta editorialak. Mari Puri Herrerok ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria jaso du, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lana aitortzekoa eta Consonnik arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzekoa.  

Zupiriarekin batera ekitaldian Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti  ere egon dira beste agintari eta arte eta kultur sektoreko hainbat ordezkarirekin batera. Gure Artea 2022 sarietako epaimahaiko kide Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi ere bertan izan dira.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, bere hitzaldian, gogorarazi du aurten Gure Artea sariek 40 urte betetzen dituztela, eta nabarmendu duenez “Gure Artea sariek gure arteaz hitz egiten digute, euskal arteaz, edo gure ingurunean edo kontestuan ematen diren arte-sorkuntzaz eta artearen inguruan gure herrian sortzen eta eraikitzen ari den Artearen sistemaz” eta gaineratu duenez “Gure Artea sariak Artearen euskal sistemaren ikur dira”.

Zupiriarentzat Gure Artea sariek “ikusizko arteen egungo euskal testuinguruan pertsonek, taldeek eta eragileek garatzen duten sorkuntza- eta lankidetza-lanari buruz hitz egiten digute. Testuinguru horretan, gaur egun, kultura-erakunde nabarmenak daude, ekosistema bat, non sortzaileek, komisarioek, taldeek, ekimen publiko eta pribatuek jarduten duten, unibertsitate-sistema bat, eta herrialde honetako erakunde publikoen lankidetza. Erakunde horiek, beren programa eta politika publikoekin, ingurumen-baldintza jakin batzuk sortzen laguntzen dute, sortzaileen eta artisten sormena, ekoizpena, zabalkundea, bilduma publikoak edo nazioartekotzea sustatzeko”.

Ibilbide artistikoa aitortzeko saria

Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jaso du ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria.  Epaimahaiak bere erabakian azpimarratu duenez Herrerok duen “obra zabalagatik” eta bere “kalitate artistiko bikainagatik” merezi du aitortza. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egina du Herrerok eta epaimahairen iritziz “jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da—margolaria, grabatzailea eta eskultorea— eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”.  

 

Epaimahaiak adierazi duenez Mari Puri Herreroren “herentzia kulturalak eta garaikidetasunarekiko bere interes erneak XX. mendeko Euskal Artea ulertzeko funtsezko figuretako bat izatera eraman dute. Artearen trantsizio-aldi bat bultzatu zuen belaunaldiko kidea da Mari Puri Herrero, forma tradizionalak eta asmo abangoardistak uztartu izanagatik bereizi izan zenekoa. Bere sorkuntza-lanak mundu kezkagarri bat islatzen du, mehatxuz eta itxura faltsuz betea, eta erreala eta fantastikoa bat eginda sumatzen dira bertan. Marrazkia eta kolorea menderatzen dituen moduak, konposizioaren orekak eta gainezka egiten duen irudimenak bere ibilbidean zehar berrinterpretatu izan duen ikonografia pertsonal bat sortzea ahalbidetu diote. “Klasikotasun modernoko” pintura garatzen du, non hiriko eta landako bizimoduaren ikuspegi pertsonal eta intimoena eskaintzen duen”. Epaimahaiak Mari Puri Herrerok “artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa” ere azpimarratu ditu.

Sorkuntza-lana aitortzeko saria

Nora Aurrekoetxea bilbotarrak jaso du aurtengo sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria. Epaimahaiaren erabakiak azpimarratzen duenez Nora Aurrekoetxea “egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da. Bere lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina desberdinak (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren. Eskulturaren arloan, nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horietan hainbat lengoaia uztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak —gehienak berak sortuak baina beste batzuk eraldatuak edo testuingurutik atereak—, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jarriak, eta gorputzek arkitekturarekin duten harremana aztertzera ez ezik, zeinu eta keinu erritualak edo egunerokoak osatzera ere eramaten dutenak. Hala ere, azterlan horren emaitzek saihestu egiten dute ondorio itxiak ateratzea, askotariko esanahiak eta irakurketak eragiteko asmoz”.

Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria

Consonni arte garaikideko ekoizlea eta Bilbon egoitza duen argitaletxe espezializatuak jaso du  arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea 2022 saria. Consonnik hogeita bost urte daramatza euskal artearen panoraman lanean, eta Estatuan bakarra da ezaugarri horiek biltzen dituena. Epaimahaiak azpimarratu duenez “kultura kritikoaren ekoizpena” da consonniren esentzia.

1996an sortua da consonni eta epaimahaiak adierazi duenez “kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan ekoizten du. Artea eremu hedatu gisa hartuta —literatura, irratia edo hezkuntza—, ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen, haiekin lotura konplize eta estuan, baita prozesuen koiunturazko zirkunstantzietan laguntzeko ere, pentsatzeko, elkarrekin egiteko, ekoizteko, laguntzeko, erakusteko, artxibatzeko eta erlazionatzeko kode bat sortuta”.

Sariak

Sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saridunak 18.000 eurona jasoko dituzte eta ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak, aurten, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago.