Beatriz Artolazabalek bat egin du Gorabidek desgaitasun intelektuala duten pertsonen erabateko inklusioa aldarrikatzeko egin duen aterki-irekitzearekin

2022_09_23_DSC02757.jpg

2022-09-23

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bat egin du gaur Bilbon Gorabidek, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak, bultzatutako aterki-irekitzearekin.

Sailburuak zorionak eman dizkie “gaur, sei hamarkada geroago, zuen konpromisoari eutsi dioten familia, erabiltzaile, profesional eta boluntarioei”. Era berean, bere sailaren konpromisoa berretsi du, “euskal gizartea osatzen duten pertsona guztiek, talde ahulenei arreta berezia eskainiz, beti aterki bat izan dezaten babesteko”.

Gorabidek 60. urteurrena ospatzeko antolatu dituen jardueren esparruan, Artolazabalek elkarrizketa mahai batean parte hartu du. Bertan, Sei hamarkada gizarte zerbitzuen sistemari ekarpena izenburupean, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiako Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Valeria García-Landarte, Euskadi Fevas-Plena Inclusión zuzendari kudeatzaileak eta Susana Gorbeña Gorabideko zuzendariak parte hartu dute. 

Topaketan, sailburuak goraipatu egin du 1962an beraien indarrak batzea erabaki zuten familien lana, eta “ahalegin, dedikazio eta irmotasun handiz lortu zuten egoera berean zeuden beste familia batzuek beren ekimenarekin bat egitea, adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lehenengo programa eta zerbitzuak sortzea eta erakunde publikoetan haien ordezkariak inplikatzea”.

Artolazabalek nabarmendu du, azken sei hamarkadetan Gorabidek egindako ekarpenetako bat bezala, “lehen urte haietan erabat ikusezin eta estigmatizatuta zegoen kolektibo baten ikusgarritasuna”. Gorabidek, nabarmendu duenez, “lan nekaezina egin du adimen-desgaitasuna duten pertsonak duintzeko eta ahalduntzeko; izan ere, pertsona horiek gizartearen eskubide osoko herritarrak dira, eta, beraz, eskubidea dute ongizaterako, bizi-kalitate onenerako, parte-hartze politiko eta sozialerako, lan-integraziorako eta, jakina, nork bere burua errealizatzeko eta bere bizitza-proiektua garatzeko”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela Administrazioaren eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen arteko “lankidetzarako aliantzak eta loturak”. Elkarlana, “gizarte bidezkoagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa eraikitzeko zenbait kolektiboren erronka eta behar handiei erantzuteko gaitasuna handitzeko aukera ematen duena”.