Beatriz Artolazabal, José Angel Cuerda´ri "Fray Francisco de Vitoria" domina ematerakoan

14_07_2022_MEDALLA_JA_CUERDA__5_.jpg

2022-07-14

VG 2022 07 12

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Jose Angel Cuerda alkate izandakoari domina emateko ekitaldian izan da gaur arratsaldean. Ekitaldia Gasteizko Villasuso Jauregian egin da.


Cuerda´rekin batera izan dira Gorka Urtaran egungo alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Joaquim Nadal Gironako alkate izandakoa, Jose Luis de Castro Nazioarteko Zuzenbide Ikastaroen zuzendarikidea eta Artolazabal sailburua.

Gorka Urtaranek Jose Angel Cuerda´ren baloreak azpimarratu ditu, bere ustez, denboran aurreratu baitzen emakumeen berdintasunaren defentsan, gehien behar duten pertsonekiko elkartasunaren sustapenean, eta Europan aitzindaria izango den hiri berde baten eraikuntzan. Omenaldian, bere garaian udaleko zinegotzikoak partekatu zituzten pertsona asko egon dira, baita Gasteizko gizartearen ordezkariak ere.

Goiuri jauregian eman diote gaur arratsaldean Francisco de Vitoria domina Jose Angel Cuerdari. 20 urtez Gasteizko alkate izandakoak hunkituta jaso du aitortza. “Aho batez eman didatela jakiteak asko hunkitzen nau, ilusio eta poz handia sentitzen ditut”, adierazi du. Sariak Cuerdak hamarkadatan zehar egin duen lana aitortzen du, bai bizitza-politikoan zehar, bai bizitza publikotik erretiroa hartu ostean, pertsona guztien giza eskubideen alde beti, ahulenen alde batez ere. Neruda, Goytisolo eta Camusen hitzetan oinarritu da José Ángel Cuerda, eta bere esaldirik hunkigarrienetako batekin itxi du bere hitzaldia: “Eraiki dezagun itxaropena”.

Francisco de Vitoria domina ohorezko sari bat da, eta haren helburua da nazioarteko testuinguruan giza eskubideen defentsaren eta demokraziaren, bakearen eta nazioarteko lankidetzaren balioak sustatzearen alde nabarmentzen diren pertsona fisikoen eta erakundeen merezimendu garrantzitsuenak saritzea.

Guztientzako

Udalak bi urtean behin ematen du saria, nahiz eta oraingoan, pandemiaren eraginez, hiru urte garo diren. Hautagaitzaren proposamena Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroen Batzorde Zientifikoak egin zuen, eta horretarako, Jose Angel Cuerdaren lana nabarmendu zuen: “bai Gasteizko alkate gisa aritu zen legegintzaldietan, 1979tik 1999ra, bai aurreko eta ondorengo aldietan, izan epaile, irakasle edo pertsona guztientzako giza eskubideen aldeko herritar gisa. Bere ekintza eta konpromisoa aitzindaria izan zen dimentsio eta alderdi askotan.”

Sariarekin Cuerdak eskubide sozialen arloan egien duen lan berritzaile eta aurrerakoia aitortu nahi izan du. Bai eta askatasunarekin eta bakearekin duen konpromisoa eta uste humanista sakona ere. Cuerdaren ibilbidean nabarmentzekoak diren alderdien artean, 1994an borondatezko batasun zibilen lehen erregistroa sortu zuen eta lehen aldiz, bikote homosexualak eta heterosexualak parekatzen zituen.

Era berean, alkate ohiak ahalbidetu zuen Gasteizko Udalak aholkularitza juridikoa ematea soldaduska egiteari uko egiten zioten gazte objektore eta intsumisoei, eta 1992an kontzientzia-eragozpena sustatzeko bulego bat sortu zuen Estatuko lehen udala izan zen. Era berean, pertsonen aurkako minak debekatzeko Nazioarteko Kanpainan parte-hartze aktiboa izan zuen.

1986an, Saharako haurren lehen taldea hartu zuen Udalak. Oporrak Espainian igaro zituzten Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan errefuxiatutako haur batzuek. Halaber, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea babesteko eta gatazka modu baketsuan konpontzen laguntzeko ebazpenak eta jarrerak bultzatu zituen, Nazio Batuen Erakundeak sustatutako negoziazioen esparruan. Era berean, 1998an hitzarmen bat sinatu zuen Amnesty Internationalekin Kolonbiako giza eskubideen defendatzaileen aldi baterako harrera egiteko. Ekimen aitzindari hori beste hainbat erakundek ere egin zuten ondoren.

Bere ekintza politikoan, guztiz berritzaileak ziren gizarte-politikak bultzatu zituen, pertsona guztien eta eskubide guztien benetako erabilera bermatzea helburu zutenak: babesa, etxebizitza duina, prestakuntza, aisialdia, etab. Era berean, udal-aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratu zuen.

Hirirako, ingurumenerako, mugikortasunerako eta abarrerako egindako eskubideen aldarrikapena ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren jasangarritasuneko politiken bultzadan oinarritzen da beti. Politika horiek hiri-eredu jasangarria sortzen joan ziren, eta gerora aitorpen zabala jaso du.

1999an hautagaitzara ez aurkeztea erabaki zuen eta ordutik giza eskubideen defentsan jardun du. Egun, 88 urterekin, bere konpromisoarekin jarraitzen du, berarengana laguntza eske jotzen duten pertsonei laguntzen.

Hain zuzen ere, hori nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak Francisco de Vitoria Domina eman aurretik. Alkateak nabarmendu du Jose Angel Cuerdak beti izan duela argi bere esku-hartzearen erdigunea pertsonak izan direla eta izaten jarraitzen dutela, ekintza edozein zela ere, izan hiri-birgaitzea, ingurumenaren defentsa, osasuna, hezkuntza edo hurbileko zerbitzuak. “Bere liburu nagusia Giza Eskubideen Gutuna izan da eta bere ikuspegia beti egon da pertsonengan eta oraindik ere hala jarraitzen du, bereziki zaurgarrienengan, haien bizi kalitatea hobetzeko helburu argiarekin”, azpimarratu du alkateak.

Jose Angel Cuerdak Hiriko urrezko Domina jaso zuen 2001ean eta 2011n Urrezko Zeledon izendatu zuten. Gaur, hunkituta eskertu du sari berri hau eta alkate izan zen garaian zein aurretik eta ondoren abokatu, irakasle edo herritar izan zenean bizitako une garrantzitsuetako batzuk gogoratu ditu, pertsona guztientzako bizitza duina lortzea beti helburu izanik. Hori egiten baitu beti berak, eta hala dio: “Elkartasunaren betebeharra”