Artolazabal: "Belaunaldien arteko harremana da adinkeriari aurre egiteko biderik onena"

2022-06-30

  • Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adineko eta gazteen arteko topaketa batean parte hartu du, adinari lotutako estereotipo eta aurreiritzien inguruan hausnartzeko
  • Ekitaldian, Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten duen Euskal Telebistako ‘Aquí y ahora’ programako Mucho por vivir dokumentalaren aurrestreinaldia egingo da

Vitoria-Gasteiz, 2022/06/30

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, belaunaldien arteko topaketa batean parte hartu du, gaur gauean ETB2k emango duen ‘Aquí y ahora’ programako Mucho por vivir dokumentalaren aurrestreinaldiaren esparruan (22:30ean izango da). Ekitaldia Eider Hurtado kazetariak eta ikus-entzunezko lan horren zuzendariak aurkeztu du, eta, bertan, bi emakumek parte hartu dute, Maribel Prietok eta Silvia Silumsadisak, adinkeriaren kalte handiena jasaten duten bi belaunaldien ordezkari gisa: adinekoak eta gazteak.

“Belaunaldien arteko harremana adinkeriari aurre egiteko biderik onena da; adinkeria adinekoengan eta gazteengan eragina duen adinagatiko bereizkeria da”, esan du sailburuak, topaketaren hasieran.

“Estereotipo eta estigmekin” amaitu behar dela sinetsita, Beatriz Artolazabalek nabarmendu du “ezagutza” aplikatuz eta “harremanak” intentsifikatuz aurreiritziak apurtzen direla. “Gizarte inklusiboagoaren alde lan egin behar dugu orain”, esan du, eta, aldi berean, honako hau esan du: “komunikabideek EAE inklusiboagoa sustatzen lagun dezakete eta lagundu behar dute”.

Belaunaldien arteko topaketan, nagusi ugari izan dira El Pilarko gazteekin batera; El Pilar auzo zahartua da, baina oso aktiboa erkidego gisa. Horretan zerikusi handia du 12Nubes kolektiboaren lanak; kaleko hezitzaileek garatu dute eta Irse-Araba elkarteak kudeatzen du gizarte- eta hezkuntza-proposamen hori. Hartan, besteak beste, Maribel Prietok eta Silvia Silumsadisak dihardute elkarlanean, aktiboki, eta gaur haien esperientziak partekatu dizkigute.

Maribel hirurogeita hamar urte inguruko beteranoa da, eta olerkigintza maite du. Gogor egin du lan bere negozioan, familia aurrera ateratzeko, eta bere burua borrokalaritzat eta feministatzat du, eta El Pilar auzoan oso inplikatuta dagoela esan du.

Silvia hogei urte inguruko gazteen ordezkaria da, eta, haren familia-jatorria dela eta, zenbait aurreiritziri egin behar die aurre. Kongoko jatorria du, “baina bera Bilbon jaioa da” –hala esatea du gogoko–; agerraldi publikoetan sarritan Athleticen kamisetarekin agertzen da. 18 urterekin independizatu zen; ikasle horrek, bizitzak jarri dizkion oztopo guztiei aurre egiteaz gainera, Batxilergoa espediente bikainarekin amaitu du. Orain, bizitza aurrera ateratzeko lan egiten duen bitartean, gogotik prestatzen ari da bere ametsa betetzeko: aktore izatea.

Bai Maribelek bai Silviak Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera jarduten dute nagusiegiak edo gazteegiak izateagatik bidean izaten dituzten oztopoen inguruan hausnartzen.

‘Mucho por vivir’

Topaketa horren esparruan, Eider Hurtadok zuzendutako ‘Aquí y Ahora’ren programa berria aurkeztu da; gaur gauean emango da (22:30), Euskal Telebistaren bigarren katean, eta, zehazki, heldutasunera heltzean oztopoak nola eraitsi du ardatz.

Mucho por vivir dokumentalak estereotipoak eta aurreiritziak apurtzen dituen nagusiak aurkezten ditu. Adibide gisa, honako hauen lekukotzak jasotzen ditu: Floren Torre, Radio Euskadiko esatari ohia; Batxilergoa atera berri duen 87 urteko ikasle bat; hirian aspertzen den landa-munduko emakume bat; 63 urterekin bera baino beste gizon nagusiago batekin ezkondu den beste gizon bat; pilota-txapelketak antolatzen dituen kazetari erretiratu bat, eta Ane Guisasola, erretiratu ondoren aktore-lanetan hasia.

Eta, 65 urteren ondoren, asko dago bizitzeko. Hala aldarrikatzen du Anna Freixas psikologoak eta ikertzaileak; zahartzaroaren inguruko ikuspegi berria aldarrikatzen du, askatasuneko etapa gisa, normalizatua eta konnotazio negatiboetatik urrun dagoena. Dokumentalak tabu gai batzuen inguruan ere hausnartzen du, hala nola sexuaren edo heriotzaren inguruan.