Abian da KSIgune klusterreko "Konexio Proiektuak" programaren bigarren edizioa

2022-09-16

  • Programak laguntza ekonomikoa ematen die Gradu Amaierako Lanei, Master Amaierako Lanei edo ikertaldeen proiektuei, Kultura eta Sormen Industrien (KSI) esparruan
  • Proiektuak aurkezteko epea irekita dago irailaren 30era arte
  • Nori zuzendua? KSI arloko enpresei eta KSIguneko kide diren goi-mailako hezkuntzako ikastegietako irakasle eta ikasleei

KSIgune klusterrak abian jarri du “Konexio Proiektuak” ekimenaren bigarren edizioa, Kultura eta Sormen Industriei (KSI) eta goi-mailako euskal hezkuntzari zuzendua. Programa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatzen dute, eta goi-mailako hezkuntzaren eta kultura eta sormen-sektoreen arteko lankidetzari bidea eman nahi dio bere eragileen bitartez. Horretarako, honako helburu hauek ditu: kulturaren eta sormenaren euskal ekosistemaren nodoek duten aberastasuna nabarmentzea; haien arteko lankidetza laguntzea (nazioartean eta beste sektore batzuekin), eta gizartean duten eragina indartzea.

120.000 euro

Ekimenak laguntza ekonomikoa ematen die puntuaziorik altuena jasotzen duten ikerketa-proiektuei eta lanei. Proiektu horiek ekarpen positiboa egin behar diete erronka sektorialei (Kultura eta Sormen Industrietako sektore bati edo gehiagori eragiten dieten erronkei), edota EAEko hiru trantsizioak (trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala) barnean hartzen dituzten erronka globalei.

Programak 120.000 euroko diru-kopurua du, 60.000 euro hura osatzen duten bi tipologietako bakoitzerako:

  • mota: Gradu Amaierako Lanak (GRAL), Master Amaierako Lanak (MAL) eta Irakasgaiko lan kolektiboak. Era horretako proiektuek bertan parte hartzen duten irakasleen inplikazio-maila handia izan beharko dute, eta haien ikastegiak ezinbestean aitortu beharko du ezagutzaren transferentzia. 5.000 euroko laguntza emango zaio puntuaziorik onena lortzen duten 12 proiektuetako bakoitzari.
  • mota: Ikertaldeen lanak. 15.000 euro puntuaziorik onena lortzen duten lau proiektuetako bakoitzari.

Programan lanak aurkezteko, ezinbestekoa da gutxienez bi erakunde laguntzaile izatea: horietako bat, nahitaez, KSIgunen integratutako goi-mailako hezkuntzako ikastegi bat izango da, eta, bestea, EAEko Kultura eta Sormen Industrietan integratutako enpresa edo erakunde bat.

Diru-kopurua enpresak jasoko du, eta bera arduratuko da adostutako aurrekontu-banaketa betearazteaz. Enpresak diru-kopuruaren % 20 jaso dezake gehienez proiektua koordinatzeagatik. Zenbatekoaren gainerakoa ikasleen eta ikastegiaren artean banatuko da, aurkeztutako ikerlanak edo ikerketa-proiektuak eragin dituen gastuak estaltzeko (irakasleen orduak, materialak, proiektuari hertsiki lotutako biltzar edo jardueretara egindako irteerak…).

Eskabideak aurkezteko epea: irailaren 30a

Proiektuak Gune+ plataformaren bidez aurkeztu beharko dira (https://gunedigital.eus/), hots, KSIgune klusterraren Kultura eta Sormen Industrientzako konexio-espazioaren bitartez. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaitzen da, eta, proposamena amaitzeko epea, berriz, urriaren 15ean.

Ideia bat izan baina bazkide laguntzailerik (goi-mailako hezkuntzako ikastegia edo enpresa) ez duten erakundeek ere Gune+ plataforman argitara dezakete beren ekimena, KSIgunek bazkide laguntzaile batekin harremanetan jar ditzan. Horrez gain, hirugarren bazkide gisa bat egin ahal izango dute EAEko beste eragile akademiko edo sektorial batzuek, baita Akitania Berrikoek edo Nafarroakoek ere, lurralde horiek lankidetza-ibilbide luzea baitute Euroeskualdearen testuinguruan. Nolanahi ere, erakunde eskatzailea eta bazkide akademiko nagusia EAEkoak izango dira beti.

Proiektuetan parte hartzen dutenek Euskampus Fundazioaren laguntza estrategikoa eta teknikoa izango dute. Saio birtualak edo presentzialak egingo dira, eta sarbidea izango dute Gune+ plataforma birtualera.

Oso era positiboan baloratuko diren irizpideen artean daude, besteak beste, proiektuaren berrikuntza-maila, haren izaera estrategikoa, erakundearen I+G+B estrategia bati lotua, eta zenbait sektoreren artean sustatutako hibridazioa eta lankidetza.

Zer da KSIgune?

KSIgune EAEko Kultura eta Sormen Industrien klusterra da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskampus Fundazioaren bitartez bultzatzen dutena. KSIgune kultura eta sormen-sektoreen premiekin konektatutako goi mailako prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta transferentziaren esparruko jarduerak garatzeko tresna estrategikoa da.

KSIgune 2021eko uztailean sortu zen, unibertsitatearen eta KSIen sektoreko enpresen arteko topagune berri bat sortzeko helburuarekin. Honako hauek osatzen dute klusterra: Kultura eta Sormen Industrietan eskaintza duten goi-mailako hezkuntzako euskal ikastegiek, BDCCn (Basque District of Culture and Creativity) integratutako sektoreak berak, Tecnaliak, Innobasquek eta Gaiak. Euskampus Fundazioa arduratzen da klusterra eta haren jarduerak kudeatzeaz eta dinamizatzeaz.

Informazio gehiago KSIgune klusterraren web-orrian.