14,5 milioi euro ikur estrategiarekin bat datozen bikaintasuneko ikerketa-ekimenei bultzada emateko (Gobernu Bilera 2022-12-20)

fotoconsejo.jpg

2022-12-20

  •  Dirulaguntzak ikerketako arlo estrategikoetara bideratzen dira, hala nola biomedikuntza, neurozientziak, superkonputazioa, komunikazio kuantikoa eta material aurreratuak 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, guztira 14,5 milioi euroko laguntzak ematea, Euskadiko ikerketa-zentroetan garatzen ari diren eta IKUR Estrategiarekin bat datozen bikaintasuneko ikerketari lotutako hainbat ekimeni laguntzeko.

Hezkuntza Sailak 2021ean abiarazi zuen IKUR 2030 Estrategia, Euskadiko zientzia-sarea indartzeko eta nitxo zehatzetan nazioarteko posizionamendua lortzeko. Estrategia horrek lau ikerketa-eremu estrategikoren aldeko apustu sendoa egiten du datozen urteetarako. Honako hauek dira: neurozientziak; teknologia kuantikoak; neutrionika; superkonputazioa eta adimen artifiziala.

Estrategia honek eta eremu horiek aukeratzeak mundu-mailako apustu bati erantzuten dio, erronka globalei erantzuteko duten ahalmenagatik; izan ere, nazioarteko zientzia-ekimen eta ikerketa-ildo nagusiekin bat datozen eremuak dira, eta Euskadik gaitasun bereziak eta posizionamendu ona ditu eremu horietan.

Estrategia honetan ezarritako helburuak indartu egingo dira bost ekintza zehatz hauetan egindako bultzadari esker. Honako dirulaguntza hauek jasoko dituzte:

          Ikerbasqueren BIHAR Biomedikuntza Laborategia: milioi 1 euro Ikerbasque Fundazioari. Bihar Leioako Parke Zientifikoan kokatua dagoen ikerketa-gunea da. 2018an sortu zen, bikaintasuneko ikertzaile berriei erantzun azkarra eta malgua emateko. BIHAR laborategiari emandako bultzada ekonomiko berri, biomedikuntzaren arloan ikerketa-gune berriak sortuko dira, azken belaunaldiko ekipamendu zientifiko berriak kokatzeko eta ikerketa biomedikoaren arloan Ikerbasque ikertzaileek gidatutako ikerketa-talde berriak sortzeko aukera emango dutenak.

          Basque Nanonauro Sarea (B3N): 4.115.000 euro Ikerbasque Fundazioari. Basque Nanoneuro Network (B3N) ekimenak, neurozientziaren eta nanozientziaren arteko bidegurutzean, metodo eta tresna elektronikoak, optikoak, kimiko molekularrak eta konputazionalak garatzea du helburu, zirkuitu neuronalen funtzionamendua ikertzeko, garuneko gaixotasunetarako terapia berriak garatzeko eta start-up eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko. Nanozientziaren arloan aurrerapen teknologikoak erabiltzea du helburu orokorra, neurozientzietarako eta aplikazio biomedikoetarako teknologia berritzaileak garatzeko.

Euskadiko 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Planaren bidez gaur emandako 4,15 milioi euroko finantzaketari esker, helburu horiek lortzeko sarean lan egiten duten laborategien partzuergoa bultzatuko da, eta Donostian laborategi fisiko bat ezarriko da, “Basque NanoNeuro Hub”.

          Superkonputazioa indartzea – Hyperion Euskadi: 1.355.000 euro DIPCri. Gaur emandako laguntzaren helburua Euskadi abangoardiako zientzian nazioarteko polo gisa kokatzea da, teknologia kuantikoen arloan inbertsio estrategikoak areagotuz, bai superkonputazio tradizionalean eta kuantikoan, bai I2Basque datu-sarean, bai komunikazio eta sentsorika kuantikoetan.

Plan hori gauzatzeko bideetako bat Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroa indartzea da, zientzia esperimentalean aurreratutako zentro berri bat emanez, DIPC baita Euskadiko bikaintasun-ikerketaren giltzarria Quantum gaietan. Ekimen honek ekipamenduan, konektibitatean, pertsonalean eta nazioarteko proiektuetan parte hartzeko inbertsioak biltzen ditu.

Hezkuntza Sailak eta Lehendakaritzak, berrikuntza-funtsaren bidez, 3 milioi euroko inbertsioa egin dute azken 5 urteetan ATLAS superkonputagailua eraikitzeko. Superkonputagailu hori Euskadiko indartsuena da, eta Estatu osoko 3 onenen artean dago. Fase berri honetan, superkonputazio-nodo berriak eskuratuko dira, superkonputagailu berri bat eraikitzeko aukera emango dutenak, HYPERION, Euskadiko komunitate zientifikoari merkatuko konputazio-teknologiarik modernoena eskainiko diona.

          Komunikazio Kuantikoen Plan Osagarria: 5.810.617 euro DIPC eta Tecnaliari. Komunikazio kuantikoak sektore estrategikotzat hartzen dira bigarren belaunaldiko teknologia kuantikoen barruan. Sistema kuantikoak banaka manipulatzeko gaitasunean oinarritzen dira. Horren lekuko dira herrialde askotako Komunikazio Kuantikoen programak, hasi Estatu Batuetatik eta Txinaraino. Europan, Komunikazio Kuantikoena da European Quantum Flagship-en barruan bi esparru-programa (FPA) dituen eremu bakarra, eta, gainera, 10 urterako azpiegitura-programa bakarra du, sare kuantiko paneuropar bat (EuroQCI) sortzeko helburuarekin.

Gaur onartutako 5,8 milioi euroko dirulaguntzari esker, Komunikazio Kuantikoen garapenean proposatutako erronkak artikulatzeko Euskadik duen ekosistema bikaina indartuko da. Horrela, BERC zentroek, bereziki DIPCk, BRTA zentroek, ekimen honetan Tecnalia buru dela, UPV/EHUk eta, azken buruan, industriak, aspalditik bultzatzen dute Teknologia Kuantikoen aurrerabidea, eta askotariko arloak jorratzen dituzte, hala nola fisika kuantikoaren oinarrizko teoria, fotoien elkarlotze kuantikoaren azterketa, materiaren manipulazioa eskala atomikoan edo algoritmoen eta software kuantikoaren garapenari aplikatutako aurrerapen teorikoak, besteak beste.

          Material Aurreratuen Plan Osagarria: 2.289.000 euro Tecnaliari. Material Aurreratuen Plan Osagarriaren helburu nagusia da Euskadin IKUR Estrategia indartzea, material aurreratuen modelizazioari eta simulazioari aplikatutako superkonputazioa (HPC) sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren IKUR estrategian parte hartzen duten euskal ikerketa-zentroekin lankidetzan. Gaur onartutako laguntzari esker, propietate hobetuak eta/edo funtzionalitate aurreratuak dituzten materialen azterketan aurrera egin ahal izango da, besteak beste, grafenoa eta beste 2D material batzuk, material adimendunak eta material nanoegituratuak, energia, ingurumena, elektronika eta IKTak bezalako sektore estrategikoetan zuzenean aplika daitezkeenak.