Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, euskal ondarea ulertzeko eta ezagutzeko

  • Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, euskal ondarea ulertzeko eta ezagutzeko

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa digitalizatu dutela eta, Igone Etxebarria Zamalloa Labayru Fundazioaren zuzendariarekin eta Akaitze Kamiruaga Garitaonandia ondare arloko arduradunarekin hitz egin dugu proiektuari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko.


Zer da Euskal Herriko Atlas Etnografikoa?

On Jose Miguel de Barandiaranek sortu eta Etniker Euskalerria Taldeek garatutako ikerketa etnografikorako egitasmoa da; Euskal Herriaren kultura tradizionala eta bere bilakaera aztertzea helburu duena. Lan honen emaitzak XX. mendea eta XXI.aren hasiera jasotzen ditu.


Zein izan zen lan eskerga hori egiteko prozedura?

Atlasa burutu ahal izateko, Barandiaranek ETNIKER (ikerketa etnikoa) izeneko proiektua garatu zuen. Egitasmo hori gauzatzeko, Euskal Herriko lurralde osoan bizimodu tradizionala osatzen duten gertakari kultural guztien erregistro sistematikoa egin behar zen.

Proiektu hori hainbat fasetan bideratu zen. Lehenik eta behin, hain lurralde zabala hartu ahal izateko, Euskal Herri osoan banatutako ikerketa-taldeak sortu zituzten. Lehena 1969an Nafarroako Unibertsitatean jaio zen, Barandiaranen ikasleekin. Ondoren, gainerako talde guztiak sortu ziren, aurretik eratuta zeuden kultura-erakundeen babesean. 1976an, talde guztiak biltzen dituen Etniker Euskalerria Taldeen Konfederazioa etorri zen.

Hurrengo urratsa galdetegi etnografikoa idaztea izan zen. Galdetegi horretan, bizitza tradizionalaren alderdi guztiak biltzen dira: etxea, familia, lanbideak eta jarduerak, erritoak, gaixotasunak, jaiak, sinesmenak eta abar.

Hirugarren pausoa lan-metodologia garatzea izan zen. Jasotako informazioa alderatu eta egiaztatu ahal izateko, ikertzaileek aztertuko zituzten herri guztietan, galdetegi eta metodologia bera aplikatu behar zuten.

Ikerketa modu bateratuan egin izan da; landutako gai bakoitzeko, batez beste 65-70 herritan egin da landa-lana, eta 450-500 informatzailek parte hartu dute.


Zer eduki jasotzen du eta nola daude banatuta?

Hasierako planak bizitza tradizionalaren esparru osoa hartzen zuen, 24 gaitan banatuta. Egitura hori denborarekin berregituratu egin zen. Gai horietatik, orain arte zortzi argitaratu dira: Etxeko elikadura, Haur jolasak, Heriotza-errituak, Ohikuneak jaiotzatik ezkontzara, Abeltzaintza eta artzaintza, Herri medikuntza, Etxea eta familia, eta Nekazaritza.

Horiez gain, hasierako planean sartutako beste arlo batzuk ere ikertuta daude, hau da, landa-lana eginda dago. Adibidez: Janzkera, Albaitaritza, Herri egutegia...

Eta gainerakoak aztertzeko daude, besteak beste: Arrantza eta nabigazioa, Lanbideak eta industriak, Herri artisautza, Mitologia, Zuzenbidea eta ohiturazko erakundeak.


Behin informazioa bilduta, nola osatu zen liburuki bakoitza (idazketa prozesua, material grafikoaren aukeraketa...)?

Behin landa-lana eginda, memoria idatziak eta material grafikoa, idazkaritza teknikoan hartzen ziren; Labayru Fundazioko Etnografia Sailean hain zuzen ere. Ondoren, hainbat diziplinatako profesionalekin osatutako erredakzio-taldeak informazioa egituratu eta sailkatu, horren ostean kapituluak idatzi, eta datuak dagokion bibliografiarekin osatu izan ditu. Gero, material grafikoaren aukeraketa etorri da, betiere etnografiaren ikuspegitik abiatuta. Amaitzeko, testuak zuzendu, lana maketatu eta editatu egiten da.

Horrela, laburrean esanda, lan erraza dirudien arren, liburuki bakoitzaren lanketak 4-5 urteko talde-lan nekeza izan du.


Orain, material hura Interneten jarri duzue denon eskura. Zer da, zehazki, kontsulta daitekeena?

Labayru Fundazioak Petronorrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, digitalizazio-prozesua gauzatu ahal izan da. Argitaratutako zortzi liburukien eduki osoa, 8.000 orrialde eta 2.000 ilustrazio ingurukoa da. Hori guztia web orri batean jaso da, kontsultatu nahi duenak informazioa eskura izan dezan.

Euskal ondarea ulertzeko eta ezagutzeko balio handiko materiala da, horregatik adituentzat zein etnografia gaietan interesa duen edonorentzat erabilgarria da. Testu osoa gaztelaniaz badago ere, kapitulu eta atal garrantzitsuenen sarrerak hiru hizkuntzatara itzuli dira: ingelesez, frantsesez eta euskaraz daude.

Helburua eduki eta ondare horren transmisioa erraztea da, modu dibulgatiboan eta errazean zabaltzea; azken finean, gure nortasuna eta kultura ezagutaraztea.


Baina prozesua ez da testuak Interneten jartzera mugatu, ezta?

Halaxe da, bai. Izan ere, informazioa iraultze hutsa izan ez dadin, kontsulta- eta bilaketa-sistema bat garatu da, Wikipediaren antzekoa. Horrek nabigazioan gai batetik bestera salto egiteko aukera ematen du, eguneroko bizitzan arlo guztiak elkarri lotuta baitaude. Adibide praktiko bat jartzearren, ogiari buruzko jakingarriren bat bilatuz gero, elikadurari buruzko informazioa kontsultatu ahal izango dugu; baina baita hileta-errituen eskaintzei buruzkoa ere; edo garia eta artoa lantzeko eta biltzeko moduari buruzkoa, produktu hori egiteko erabiltzen diren lehengaiak direlako.

Atlasa osatzen duten testuak hogeita hamar urte baino gehiagoan landu dira, eta, beraz, kontuan hartu behar da bildutako zenbait datu anakronikoak izan daitezkeela, batez ere eraldaketak lantzen dituzten ataletan. Duela hiru hamarkada berrikuntza bat izan zena, gaur egun ohikoa da eta guztiz zabalduta dago; aldiz, egunerokoak izan ziren praktika edo ohitura batzuk galdu egin dira aldi horretan.

Horregatik, emandako datuak denboran behar bezala kokatzeko, gai bakoitzaren aurkezpenean, ikerketa-kanpaina zein urtetan egin eta noiz argitaratu zen zehaztuta dago.


Eta aurrerantzean, zer?

Lan nekeza izan den arren, ikerketa etnografikoa ez da inoiz amaitzen, etengabeko lana izan behar du. Gure bizimodua egunez egun aldatzen doa, eta are gehiago azkenaldian, mundu globalizatu batean bizi garen honetan; aldaketek inoiz baino eragin handiagoa dutelako eta askoz azkarrago gertatzen direlako.

Horrezaz gainera, ezin dugu ahaztu, mundu osoko jendearekin, kulturekin eta tradizioekin harreman handiagoa dugula, eta horrek eragina duela gure eguneroko jarduera guztietan. Hori guztiori aztertzeak erregistro sistematiko bat eskatuko luke, proiektu honetan orain arte egindakoaren modukoa.

Edozelan ere, Etniker Euskalerria Taldeak hurrengo gaia prestatzen eta idazten ari dira: herri egutegia, hain zuzen ere.

 

(2022ko maiatzaren 27an argitaratutako Berezia).