Leitzaran ibaia eta bere ibilgua lehengoratzeko lanak udazken osoan zehar egingo dira

Argitalpen-data: 

Leitzaran ibaia eta bere ibilgua lehengoratzeko lanak udazken osoan zehar egingo dira

URA Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, eta Andoaingo Udalak Leitzaran ibaia eta haren ibilgua leheneratzeko lankidetzan jarraitzen dute, haren balio ekosistemikoa hobetzeko helburuarekin. Bi administrazioen arteko lankidetza-protokoloaren esparruan, hainbat lan egitea programatu da. Horietako batzuk Andoaingo Olagain auzoko saneamendua eta ibai-pasealekua hobetzeko proiektuarekin lotuta daude, eta beste batzuk tamaina handiagokoak dira, Oria ibaiak Leitzaranekin bat egiten duen tokitik hasi eta puntu horretatik gorakoak, hain zuzen.

Mari Jose Izagirre, Zerbitzuetako zinegotziak "landaredi inbaditzailean aurka egin, bertako landaredia balioetsi eta Leitzarango portaera hidraulikoa hobetzeko" helburuarekin egiten hasi diren 3 jarduketa motak deskribatu ditu, "gerta litezkeen ur-goraldietarako prest egoteko, eta ur handietan emariaren jario askea erraztuko dutenak":

  • Ibilguko eta ibaiertzeko landaredi inbaditzaile ale guztien ebakitzea, sasigarbiketa, ateratzea eta kentzea. Gutxienez, honako espezie hauetako aleak identifikatu dira: Platanus hispanikoa, Robinia pseudoacacia, Impatiens balfourii, Buddleja davidii edo landaredi aloktonoa, hala nola pikondoak eta beste apaindura espezie batzuk. Ibilguan bertan eta ertzetan ari da jarduten.
  • Alboko ertzetan ezarritako landaretza autoktonoaren inausketa selektiboa. Adar baxuen inausketa selektiboa egingo da neurri handieneko oinetan. Bideratze-hormei itsatsitako landaretza autoktonoaren ilara mantenduko da. Ekintza horri esker, uraren iragazkortasuna eta jarioa hobetzen dira ur-goraldietan.
  • Ibaiertzeko begetazioa bertako espezieekin birlandatzeko lanak, Andoaingo Olagain auzoko saneamendua hobetzeko eta ibai-pasealekua egiteko proiektua osatuz.

Izagirrek aurreratu duenez, URA Uraren Euskal Agentziak eta Andoaingo Udalak adostutako behin behineko aurreikuspenak "ibilguaren ur-mailak eta baldintza meteorologikoek baldintzatuta" egongo dira. Izan ere, gogorarazi duenez eta maiatz amaieran aurreratu zen bezala, "inguru hau kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta bisoi europarraren Interes Bereziko Eremua denez, jarduerek denbora-mugak dituzte, eta udazkenetik aurrera planifikatu behar izan dira". Ibilguaren barruko landarediaren gaineko lanak, kendutako belarkiak eta zuhaixkak, dagoeneko ikusgai daude Santakrutz zubiaren ingurunean, eta "pixkanaka egingo dute aurrera ibaian gora". Zuhaitz-landarediari eta ertzei buruzko lanak urri amaierara arte luzatuko dira. Izagirrek baieztatu duenez, "landaretza lanak azarotik aurrera egingo dira, neguko geldialdi begetatiboa tarteko ".