Larrialdietako zerbitzuek Aralar mendian min hartu duen gazte bat erreskatatu dute

2021-04-20

Gaur, asteartea, arratsaldeko lehenengo orduan, Euskadiko larrialdietako zerbitzuak Aralar mendira hurbildu dira istripua izan duen eta hanka batean min hartu duen gizonezko bat artatu eta erreskatatzera. Ertzaintzaren helikoptero batek eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteek erreskatatu dute zauritua istripua gertatu den lekutik, eta gero anbulantzian eraman dute Zumarragako ospitalera.

Gaur eguerdiko ordu bata aldera, larrialdiak koordinatzeko SOS Deiak 112 zerbitzura deitu dute Aralar mendi inguruan, Amezketa herrian, zegoen gizonezko batek istripua izan duela eta, dirudienez, hanka hautsi duela esanez.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek larrialdietako zerbitzuak, horien artean, Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteak, bidali ditu lekura,  eta zauritua erreskatatu dute istripua gertatu den lekutik. Istripua izan duen gaztea egonkortu ondoren, helikopteroak Zumarragako futbol-zelaira eraman du, eta bertan zain zuen anbulantzia batek eraman du ospitalera.