Kontsumobidek toki-erakundeentzako laguntzen deialdia egin du, kontsumitzaileen eskubideak sustatu eta defendatzeko (Gobernu Bilera 2021-11-30)

fotoconsejo.jpg

2021-11-30

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Kontsumobideren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeentzako diru-laguntzak emateko deialdia, bai banaka, bai zerbitzua partekatzen duten hainbat toki-erakunderen ordezkari gisa, bai erakunde horiek sustatutako erakundeen izenean, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen badituzte, eta laguntza horien deialdia 2022. ekitaldirako egiten bada.

Laguntzetan diruz lagundu daitezkeen hiru lerro ezartzen dira. Lehenengoa kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazio- eta prestakuntza-jardueren funtzionamenduak eta egiteak eragindako gastuak ordaintzeko da, bai eta Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoentzako (KIUB) Zentro eta Zerbitzuen argitalpenak editatu eta zabaltzeko gastuak ordaintzeko ere. Bigarren lerroa kontsumoa ikuskatzeko jarduerek eragindako gastuei aurre egiteko izango da. Diru-laguntzaren xede den hirugarren atala Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoentzako (KIUB) zentro eta zerbitzuak instalatzeak, berritzeak, handitzeak, hornitzeak edo lekuz aldatzeak eragindako gastuak dira.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.060.000 euro dira guztira.

Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2022ko otsailaren 17an amaituko da.