Hasi da Bilboko metroaren 4. linearen ibilbidea definituko duen herritarren partaidetza prozesua

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, 4.linearen herritarren partaidetza prozesuari hasiera eman dio gaur. Prozesu horren ondoren, Bilbo hegoaldeko auzoak eta erdigunea gaitasun handiko garraio publiko sistema baten bidez lotzeko behin betiko proposamena zehaztuko da.

Gaurtik aurrera, https://linea4bilbao.eus/ webguneak informazio-azterlanaren lehen fasetik lortutako proposamenei buruzko informazio zehatza eskaintzen du. Informazio-azterlanaren helburua Errekaldeko eta Iralako garraio publikoa eta, oro har, Bilbo hegoaldeko auzoak hobetu beharko dituzten soluzioak zehaztea da, hirigunean eta gune metropolitarrera eta gainerako lurraldera joateko dauden garraio-azpiegiturekin duten loturari dagokionez.

Webgune horretan bertan, Alonsotegi, Zorrotza, Basurtu, Errekalde, Irala eta Abandoko herritarrekin martxoan zehar egingo diren topaketen egutegia zehazten da.

Informazio-azterlana 2019ko udan hasi zuen Fulcrumek eta Caf Engineeringek osatutako ABEE esleipendunak, 12 hilabeteko epean amaitzeko. Hala ere, lanen konplexutasunak eta pandemiaren hasierak gauzatzeko epea luzatzera behartu dute euskal trenbide kudeatzailea.

Azterlanaren lehen fasean, garraio publiko moduen alternatibak eskaintzeko egin da lan, eta baita trazadurarako eta lehendik dagoen azpiegiturarekin lotzeko aukerak ere. Horrekin emango zaio amaiera herritarren partaidetza prozesuari. Ondoren, soluzio egokiena xehetasunez garatuko da.

Alternatibetako bat FEVEren linea erabiltzea da, “People mover” sistemen bidez (funikular erakoa) Errekalde eta Iralako zentroekin konektatuz. Beste aukerak linea horren trazaduraren aldaera bat proposatzen du, eta bi geltoki berri eraikitzea Errekaldeko eta Iralako hiriguneetan.

 

Partaidetza

Erabilgarri dagoen https://linea4bilbao.eus/ webguneak planteatutako proposamenen xehetasunak ezagutzeko aukera emango die erabiltzaileei, eta baita martxoan egingo diren auzoz auzoko bileretan parte hartzeko izena emateko ere.

Prozesuaren fase hori Covid 19ak sortutako egoerak baldintzatzen du. Izan ere, bertan behera geratu dira hasiera batean herritarrekin aurreikusita zeuden aurrez aurreko topaketak; beraz, plataforma digital baten bidez egin beharko dira.

Bilerak zonaldeka egitearen arrazoia, horrela, saioaren edukia zona bakoitzaren ezaugarri eta behar espezifikoetara errazago egokitu ahal izango dela da, eta, gainera, hobeto sakondu ahal izango dela hegoaldeko linea metropolitarrak etorkizunean izango duen eraginean.

Datozen egunotan, Zorrotzako, Basurtuko, Errekaldeko eta Iralako barrutietan eta Alonsotegiko kultur etxean panel informatiboak jarriko dira proposamenen xehetasunekin, bai eta inprimaki bat ere, zentro bakoitzeko atezaintzan entregatu beharko dena. Webgunean atal bat egongo da gura duten guztiek ekarpenak egin ditzaten.

Azkenik, topaketa guztiak egin ondoren, memoria bat egingo da, eta bertan, emaitzak eta jasotako ideiak jasoko dira. Txosten hori ETSren webgunean eta https://linea4bilbao.eus/ webgunean argitaratuko da, eta hala ere bidaliko zaie topaketetan izena eman duten eragileei. Erabakiak hartzeko ezarritako epearen ondoren, proiektuaren garapenari eta parte hartzeko prozesuaren ondorioz hartutako erabakiei buruzko beste dokumentu bat bidaliko da.