Garraio Sailak 2,1 milioi euro inbertituko ditu Mendaroko geltokia hobetzeko

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Garraio Sailak 2,1 milioi euro inbertituko ditu Mendaroko geltokia hobetzeko. Proiektu horren bidez besteak beste, nasen arteko trenbide-pasagunea kenduko da, igogailua izango duen gaineko pasagune bat eraikiko da, geltokiko inguru osoan trenbidea berrituko da eta erdiko nasa ia metro bat zabalduko da.

Euskal Trenbide Sarearen kontratazio mahaiak Comsa-Jaizubia ABEEari esleitu dizkio lan horiek, 2.191.545 euroren truke eta 12 hilabeteko epean egiteko. Obraren lehengo lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira, izapide administratibo guztiak bete ondoren.

Esleitutako proiektuak honako jarduketa hauek hartzen ditu barne, besteak beste: lehendik dauden trenbideen gainegitura berritzea eta hobetzea; trazadura hobetzea; erdiko nasa 80 zentimetro handitzea, 3 metroko zabalerara iritsiz; oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea une honetan dauden nasen artean, eskailerekin eta igogailuekin; nasen arteko trenbide-pasagunea kentzea; elektrifikazio-instalazioak eta segurtasun- eta telekomunikazio-instalazio finkoak trazadura berrira egokitzea; eta trenbide-ingurune osoan ingurunea hobetzea.

Gaur egun, Mendaroko geltokiko trenbide-plataforma alboko bi nasen arteko balasto gaineko trenbide bikoitz batek eta erdiko nasaren beste aldeko balasto gaineko bazterbide batek osatzen dute. Mendarorako trenbide-sarbidea, ekialdetik zein mendebaldetik, trenbide bakarretik egiten da.

Oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeak nasen arteko trenbide-pasagunea kentzea erraztuko du. Horrek guztiak Euskotrenek ematen duen zerbitzu erregularraren erabiltzaileen segurtasuna hobetzea ekarriko du.

Jarduketa hori, ETSk trafikoaren edo pertsonen joan-etorrien intentsitate handia duten trenbide-pasaguneak kentzeko gauzatutako politikaren barruan sartu behar da. Gaur egun, Euskal Trenbide Sareak 108 trenbide-pasagune ditu, horietatik 71 Bizkaian eta 37 Gipuzkoan. 2010-2021 aldian 51 trenbide-pasagune kendu dira, horietatik 16 Gipuzkoan eta 35 Bizkaian. Azken hamar urteotan, Eusko Jaurlaritzak ia 1.000 milioi euro inbertitu ditu bere eskumeneko trenbide-sareko azpiegitura hobetzeko.