Eusko Jaurlaritzak bere legeak eta arau proiektuak egiterakoan bete beharreko baldintzen arautzen dituen prozedura antolatzearen garrantzia azpimarratu du Garamendik

2021-05-24

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak die Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Lege-proiektua azaldu die Legebiltzarreko taldeei
  • Ekimenak araudiak egiteko prozedura arindu eta sinplifikatu nahi du

Olatz Garamendi Landa Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Legebiltzarreko taldeen aurrean agerraldia egin du gaur, berak eskatuta, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren lege-proiektua azaltzeko. Ekimena Eusko Jaurlaritzak bere legeak eta erregelamenduak egiteko bete behar dituen fase eta baldintza guztiak arautzera bideratuta dago. Lege-proiektuaren helburua indarrean dagoen 2003ko legea eguneratzea da, parte-hartzearen, eraginen ebaluazioaren, genero ikuspegiaren, hizkuntza normalizazioaren eta gardentasunaren behar eta eskakizun berrietara egokitzeko.

Gobernantza Publiko, Erakunde eta Segurtasun Batzordean egindako hitzaldian, Garamendik lege-proiektu honen alderdi garrantzitsuenak nabarmendu ditu, eta gisa horretako arauketa baten beharra dagoela azpimarratu du. Sailburuaren aburuz, ekimen hau “prozedurak eguneratzeko, hobetzeko eta modernizatzeko ariketa bat, eta Jaurlaritzaren arau-ekoizpena erraztuko du, izapideak arinduz, kalitate juridikoa bermatzeko behar diren kontrolak bermatuz eta eragindako pertsonen, kolektiboen edo erakundeen entzuketa zainduz, haien alegazioek erregulazioaren egokitasuna hobeto baloratzea ahalbidetuko baitute”.

Azken testua Eusko Legebiltzarrera edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira ahalik eta lasterren bidali ahal izateko denborak laburtu nahi ditu arau honek, legean aurreikusitako analisiak eta kontrasteak izan behar duten arreta eta zorroztasuna murriztu gabe. Hori guztia izapidetze efizienteagoa eta eraginkorragoa izateko helburuarekin, benetako premiei erantzuten diena, beharrezkoak ez diren karga edo betebeharretatik ihesi. Sailburuaren esanetan, lege-proiektuak aurrera egingo balu, aukera emango lioke Euskadiri Europar Batasunak “legeak hobeto egiteko” programan markatutako estandarrekin bat egiteko.

Ekimenak erregulazio osoagoa eta operatiboagoa egiten du urgentziazko izapidetzeari buruz, betiere behar bezala justifikatzen edo arrazoitzen bada eta, gainera, beste aurreikuspen berritzaile batzuk ere jasotzen ditu, hala nola Eusko Jaurlaritzak bere legegintza-asmoari buruzko plangintza jasoko duen Urteko Plana egitearen derrigortasuna eta lege lege estaldura iraunkorra, bai eta izapidetu beharreko arauaren testu artikulatuarekin batera egin beharreko gogoeta guztiak bilduko dituen arau-eraginari buruzko memoria bat egitea ere. Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako genero ikuspegia indartzen du, euskararen normalizazioan ere urrats sendoa ematen du, eta lege proiektuaren artikuluetan Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordearen txostenaren nahitaezkotasuna txertatzen du, toki-erakundeen ikuspegia bermatzeko.

Garamendiren irudiko, ekimena “beharrezkoa eta premiazkoa” da, ez bakarrik Jaurlaritza honentzat, baita legebiltzar osoarentzat eta euskal herritarrentzat ere. “Izan ere, autobide horretatik ibiliko gara denok batera, eta autobide horrek bide-zoru bat eta seinaletika egokiak behar ditu, eta lege proiektu honetan halaxe dago planteatuta”, amaitu du Garamendik, taldeei ekimena babestu dezaten eskatu aurretik.