Eusko Jaurlaritzak abian jarri du AZPITEK laguntza-programa, ikerketa teknologikoko punta-puntako azpiegiturak erosteko (Gobernu Bilera 2021-5-4)

2021-05-04

  • 5.313.631 euroko zuzkidura du, eta etorkizuneko erronka sozioekonomikoei ematen zaien erantzuna hobetzeko aukera eskainiko dio euskal industriari
  • Helburua da euskal enpresa-sareak ahalik eta ondoen erantzutea gure herrialdeko hiru inpaktu-trantsizioei: teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta gizarte- eta osasun-arlokoari

Gobernu Kontseiluak 5.313.631 euro bideratzea onartu du AZPITEK 2021 programa abian jartzeko. Programa horri esker, zentro teknologikoek eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratu ahal izango dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoak zientziaren eta teknologiaren aldetik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko.

Horretarako, azpiegitura zientifiko-teknologiko bikainak behar dira Euskal Autonomia Erkidegoan eragina duten hiru trantsizioei ekiteko: trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta gizarte- eta osasun-arlokoa.

Azpiegitura zientifiko-teknologikoak (erakusleak, saiakuntza-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-lab-ak eta abar barne) I+G+b-ko ekosistemen eta berrikuntzan oinarritzen diren balio-kateen bizkarrezurra dira. Hala, AZ-Tek teknologiaren baterako garapena eta sorkuntza bultzatzen dute, kontzeptu-probatik eta laborategietan baliozkotzetik hasi eta industria-ingurunean egindako prototipoen erakustaldiraino, teknologia eskuratzea ziurtatzeko helburuarekin; horrek Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragin sozioekonomikoa kontuan hartuz.

Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira tamaina guztietako enpresentzat. AZ-Tek I+G+b arloko eragileekin lankidetzan aritzeko aukera ematen diete, balio erantsi handiko teknologia eta soluzioak garatzeko, fase guztietan laguntza eskainiz. Diseinutik hasi eta produktu, zerbitzu edo prozesu osoen azken probara arte, baldintza kontrolatutan, segurutan eta errealitatetik hurbil, bezeroen eta inbertitzaileen aurrean baliozkotzea barne hartuta.

Industria azpiegitura teknologikoen eskuragarritasunaren mende dago, teknologiak hobetzeko, garatzeko, baliozkotzeko eta prototipoak sortzeko, merkatuari irtenbide teknologiko berriak eskaini aurretik. Hala ere, AZ-Tek baliabide eta konpetentzia asko behar dituzte euren eraikuntzarako, kudeaketarako, funtzionamendurako eta mantentzea egiteko. Oso garestiak izaten dira, eta goi-mailako teknikariak behar izaten dituzte bertan aritzeko. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren AZ-T propioa izan.

AZPITEKen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura zientifiko-teknologikoak indartzea, eta I+G+b jarduera eta emaitzak baliozkotzea eta erakustea bultzatzea. Horretarako, kalitatezko ikerketa gauzatzeko, emaitzak hobetzeko, eta horien eragin zientifikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dauden ikerketa-azpiegituren funtzionamendurako beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematen du.

Programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurrerapausoak eman nahi ditu honako esparru hauetan:

  1. Trantsizio teknologiko-digitala – Industria da Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomikoaren eta sozialaren motorra. Iraganean aldaketa teknologikoetara egokitzen jakin duen, eta gaur egun desafio berriak dituen trantsizio teknologiko-digitalaren erronkei aurre egiteko hobeto prestatuta dagoen industria. Teknologia eta digitalizazioa funtsezko tresnak bihurtzen dira balio erantsi handiagoa ekarriko duten eta euskal industriaren lehiakortasun-posizioa hobetuko duten produktu eta irtenbide berriak garatzeko.
  2. Trantsizio energetiko-klimatikoa – 2030erako Euskadiko Energia Estrategiak energiaren esparruko ikerketa, garapen teknologiko eta industrialeko lehentasunezko 9 arlo ezartzen ditu, energiaren sektoreko euskal enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen sarearen lehiakortasuna bultzatzeko. Oinarrizko jarduketa-eremuek energia eolikoa, olatuen energia, eguzki-energia fotovoltaikoa, hidrogenoa, oil&gasa, energia-efizientzia, mugikortasun elektrikoa, energia-biltegiratzea, sare elektrikoak eta potentzia-elektronika hartzen dituzte kontuan.

Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, jarraian adieraziko dugun egoitza elektronikoa erabiliko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1110701/ (gaztelania)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1110701/ (euskara)

Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri bide elektronikotik izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.

Bide elektronikoz, eskabidearen geroko izapideak —jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barne—, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aukeran sartuta egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabideak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2021eko ekainaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira.