Eusko Jaurlaritza "ez dator bat" EAEko Polizia Legearen zati bat baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren ebazpenarekin eta Europako Auzitegiaren aginduei "bizkarra" ematen diela uste du

2021-02-25

  •  Lakuak ez du etsiko Administrazioan bitartekotasun handiari irtenbideak bilatzeko ahaleginean eta Espainiako Gobernuari Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EPOE) aldatzea eskatzen dio

 

Eusko Jaurlaritza "ez dator bat" Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legearen hamargarren xedapen iragankorraren bigarren atala Konstituzioaren aurkakotzat jotzen duen Konstituzio Auzitegiaren ebazpenarekin. Orain baliogabetutako xedapen horrek adierazten duenez, Udaltzaingoaren kidegoari dagokion kategorian % 40tik gorako bitartekotasuna badago, enplegua finkatzeko prozesu berezian sartzeko txanda bereizi bat sartu ahal izango da deialdia egin duen administrazioan, gutxienez, zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen dutenentzat, deitutako plazei dagokien udaltzaingoaren kategorian.

Espainiako Gobernuak enplegua finkatzeari buruz aurkeztutako helegiteari erantzuten dio Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak. Eusko Jaurlaritzaren ustez, auzitegiaren erabakia "errealitatetik kanpo" dago, EAEko Administrazioko enplegu publikoaren bitartekotasun handiko egoerari irtenbidea ematea eragozten duelako. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, behin-behinekotasunarekin amaitzeko egindako ahaleginek talka egiten dute, etengabe, honelako erabaki birzentralizatzaileekin, izan ere, bide judizialera eta oinarrizko araudira joz, Lakuak hartutako neurriak blokeatzen dituelako.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Espainiako Gobernuaren helegiteak eta Konstituzio Auzitegiaren ebazpen judizialak "bizkarra ematen diote" 2020ko martxoaren 19ko epaiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aginduari. Ebazpenak onartu zuen hautaketa-prozesurik ez egoteak ez duela justifikatzen bitartekoen egoera betikotzea, eta egoera hori konpontzeko eskatu zion Espainiako Estatuari. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, bai orain partzialki baliogabetutako legean, bai Eusko Legebiltzarrean aurkeztu berri den Kidegoen eta Eskalen lege-proiektuan, konponbide errealistak eta araudiekin bat datozenak bilatzen ditu bitartekotasunaren arazoa bideratzeko.

Gainera, Espainiako Gobernuari eskatu dio ez diezaiola bizkarra eman enplegu publikoaren errealitate horri, eta lanean has dadila plantilla publikoak sendotzea erraztuko duen lege-testuingurua bilatzeko. Alde horretatik, Lakuak gogorarazi du behin baino gehiagotan eskatu diola Espainiako Gobernuari Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EPOE) aldatzeko eta enplegatu publikoen lanpostuak finkatzeko hautaketa-prozesuak ahalbidetzeko. Nabarmendu du ez duela etsiko bitartekotasunaren arazoari irtenbideak bilatzeko ahaleginean eta EPOEren erreformaren bidez irtenbide bateratua bilatzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa lehenbailehen finkatze prozesuak abian jartzea da.