Eusko Jaurlaritzak 21 milioi euro bideratuko ditu turismoaren sektorea babestera

2021-01-26

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailbururekin eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Euskal Turismoari Eusteko 2021eko Laguntza Programa arautzen duen Agindua aurkeztu du. Programak ia 18 milioi euroko zuzkidura du (17,7), eta euskal turismoari eusteko plan baten parte da. Planak, gainera, turismoaren sektorea sustatu eta dinamizatzeko ardatz bat (3 milioi euroko zuzkidura duena) eta ikuskapen-lanaren berregituratzea biltzen ditu.“Euskal Turismoari Eusteko Plana sektorearekin eta erakundeekin partekatutako proiektu bat da; oraingoz, 21 milioi euroko zuzkidura du, eta euskal turismoaren sektorea babestea eta sektoreari euskarria ematea du helburu, osasun-arloko krisiaren inpaktu ekonomikoa txikiagotu ahal izan dadin”, esan du

Sailburuak, halaber, merkataritzako sektorerik kaltetuenei laguntzeko plan bat eta euskal ostalaritzarako laguntza-programa berri bat lantzen ari direla iragarri du.

Lehendakariak atzo Pedro Sánchez Gobernuko presidentearekin izandako bilera izan du hizpide. Bilera "adeitsua" izan dela adierazi du, eta bi aldeek aurkeztutako jarrera eraikitzailea azpimarratu du. Urkulluk azaldu duenez, joan den uztailaren 12ko hauteskundeen osteko aldebiko lehen bilera bi gobernuentzat interesgarriak diren lehentasunezko gaien agendan oinarritu zen: Osasun larrialdia eta alarma egoera; autogobernua eta Gernikako Estatutua betetzea; Europako Funtsak; eta erakundeen konpromisoak arintzea.

Bizi dugun une delikatuaz jabetuta, Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela Estatuan gertatzen ari den liskar politikoaren etapa gainditzea eta elkarrizketarako eta akordiorako agertoki bat bideratzea, bi gobernuei eragiten dieten arazo globalei erantzun ahal izateko. "Bat gatoz lehentasunekin: osasun-krisiari eraginkortasunez erantzutea eta krisi horren ondoriozko ekonomia- eta enplegu-krisia gainditzea", gaineratu du.

Bestalde, Lehendakariak, azken egunotan izandako irudi, adierazpen eta inguruabarrei dagokienez, "lankidetza eta talde-lana" eskatu ditu. "Hau ez da arazoak areagotzeko edo larriagotzeko unea. Denon artean irtenbideak bilatzeko unea da. Inoiz ez da, orain bezala, auzolanerako jarrera eraikitzailea hain beharrezkoa izan", gaineratu du. Hala, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du gertutasunez eta elkarrizketaren bidez konponbideak bilatzeko, proposatzeko eta adosteko.

Osasun sailburuak Euskadiko datu epidemiologikoak errepasatu ditu, eta nabarmendu du egoera larria eta kezkagarria dela. “Bilakaera epidemiologikoa neurtzeko erabiltzen ditugun adierazle guztiak gora egiten jarraitzen dute. Lehentasunezkoa da arduraz jokatzen jarraitzea, birusaren transmisioa geldiarazteko”, esan du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena