Euskal erakundeek gogor salatu dute Gasteizen gertatutako emakume baten hilketa

2021-10-13

Vitoria-Gasteiz, 2021/10/13

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, Gasteizen izan dira gaur, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin eta Arabako erakundeetako ordezkariekin batera, Emakundek eta Gasteizko Udalak deitutako elkarretaratzean, atzo Gasteizen gertatutako emakume baten hilketa gaitzesteko.

Berdintasunerako sailburuak babesa eman die eraildako emakumearen familiari eta ingurune hurbilenari, batez ere haren semeei, eta gogorarazi du egiturazko indarkeria baten aurrean gaudela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean jatorria duena.

“Erikaren erailketaren ondorioz, gainera, bi adingabe umezurtz geratu dira, genero-indarkeriaren biktima. Berehala eta ahalik eta lasterren adostasun handienez onartu behar da Euskadiko Berdintasun Legea; egoera lazgarri hauek jasaten dituzten adingabeak babestu behar dira”, esan du Artolazabalek.

Era berean, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin dio gizarte osoari, eta ziurtatu du beharrezkoa dela berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko “herri itun” bat.