Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea eratu da

2021-01-26

  • Batzordearen helburua izango da ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzea eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza
  • Polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibitatearekiko herritarren konfiantza eta zilegitasuna indartzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoari erantzunez sortu da batzordea

Gaur arratsaldean egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea eratzeko bilera. Gobernu Kontseiluak joan den abenduaren 22an izendatu zituen sei pertsonak osatzen duten kide anitzeko organo berri honek polizia-erakundearekiko eta Segurtasun Sailarekiko autonomia funtzionala du. Batzordearen helburua izango da ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzea eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka lehenengo bilera horretan izan da sei batzordekideak agurtzeko eta organo berri honetan parte hartzeagatik eskerrak emateko. Organo berri horrek beti ikertuko ditu gertaerak poliziaren esku-hartzeen edo operatiboen testuinguruan edo polizia-zaintzak dirauen bitartean norbait hil edo larriki lesionatu bada. Horrez gainera, batzordeak jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu eta poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen eta errepikatu egiten diren jokabide-patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu. Batzordearen helburu nagusia izango da polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibitatearekiko herritarren konfiantza eta zilegitasuna indartzea.

SEI BATZORDEKIDE

Batzordeak izango ditu batzordeburua eta bost batzordekide, eta emakumeen eta gizonen presentzia parekidearen printzipioa beteko da eta hautagaiek prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia izan beharko dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian, etikan eta antzeko arloetan. Kideen herena Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren eskaletan eta kategorietan egon diren eta orain dauden eta kidegoan gutxienez hamabost urteko esperientzia duten pertsonen artetik aukeratu dituzte, eta beste herena, berriz, arlo horietan prestigio akademiko aitortua duten langileen artetik.

Ezaugarri horiek beteta, hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kideak:

  • Javier Hernaez Manrique.
  • Estefanía Ocáriz Passevant.
  • José Antonio Nieto Antón.
  • Miren Ortubay Fuentes.
  • Joaquín Giménez García.
  • Ricardo Egiguren Mendieta.

Batzordekideek ez dute inolako lansaririk jasoko euren lanen truke. Nolanahi ere, zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak kobratu ahal izango dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan partida espezifiko bat ezarriko da, batzordeak bere lanak egin ahal izateko behar bestekoa.

OHARRA: Erantsitako dokumentazioa.