Euskadik 18.600 milioi euro bideratuko ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza esparrura

2021-02-23

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin batera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, gaurko Gobernu Kontseiluak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria onartu du. Legegintzaldi honetan onartu den lehen plan estrategiko honen helburua da, hurrengo hamar urteetan, Euskadi Europako eskualderik aurreratuenen artean kokatzea, zientzien, teknologien eta berrikuntza-proiektuen alorrean. Zupiriak azaldu duenez, asmo handiko helburua da eta gizarte bezala ezartzen dizkigun erronkei erantzun ahal izateko oinarrizko lau zutabe edo eginkizun aurreikusten ditu: bikaintasun zientifikoa bilatzea, industria teknologikoetan lider izatea, berrikuntzetarako jarrera irekia erakustea eta talentua landu, erakarri eta sustraitzea. Hori guztia ezinbestean bete beharreko bi baldintza betez; batetik, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako helburuekin bat egitea eta, aldi berean, Europak finkatutako lehentasun estrategikoen ildoa jarraituz lan egitea, enpleguaren kalitatea bermatu eta herritar guztien ongizatea handitzeko.

Zupiria sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak garbi erakusten du Jaurlaritzaren beraren eta euskal gizartearen etorkizunaz arduratzen diren erakunde nagusien asmoak zein sendoak eta erabakigarriak diren bizi dugun egoerari aurre egin, pandemiak gure ekonomiari eragindako kalteak gutxitu, enpresen produktibitatea eraberritu eta lanpostuak berreskuratzen joateko bitartekoak jartzerakoan.

Euskadiren etorkizunerako plan estrategikoa izanik, Zupiria bozeramaileak jakinarazi du Jaurlaritzak Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza sustatzeko eta babesteko, urtez-urte aurrekontuak %ko 6 handitzeko konpromisoa hartzen duela; guztira 6.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du planak iraungo duen hamar urteetan. Horri guztiari gehitu behar zaizkio finantzaketa pribatua, eta Europako Erakundeetatik datorrena; denera 18.600 milioi euro, hamar urtean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari bideratuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia, teknologia eta berrikuntzako politiken orientazio estrategikoaz, partaidetzaz, aholkularitzaz eta sustapenaz arduratzen den  Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak otsailaren 16ko bileran onartu zuen plan estrategiko honen aldeko txostena. Erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, teknologia-zentroek eta eragile sozioekonomikoek parte hartu dute, 200 erakundetako 300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

Bere aldetik, Sagardui sailburuak koronabirusak Euskadin izan duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera eta jakinarazi du kurbak behera egiten jarraitzen duela, baina motelago. Hala, adierazleen beherakada moteltzen hasi dela azaldu du, eta zuhurtzia eskatu du. Halaber, sailburuak txertaketa prozesuaren berri eman du.

Gobernu Kontseiluaren beste akordio batzuk

Halaber, Gobernu Kontseiluak lau Sailen egitura organiko eta funtzionalak finkatzen eta arautzen dituzten dekretuak onartu ditu: Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saila, Ekonomia eta Ogasun Saila, Hezkuntza Saila eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta, Gobernu Kontseiluak gaur Jaurlaritzaren kreditu lerroak 1.200 milioi eurotan zabaltzea baimendu du, Jaurlaritzaren diru-kutxaren maila egokiak mantentzeko. Alde batetik, 2021eko ohiko beharrizanei behar bezala erantzuteko eta, aldi berean, COVID19ak eragindako gastuen behar osagarriei eta krisialdiko diru-sarreren edo ekarpenen murrizketari aurre egin ahal izateko.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Zor Publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea ere erabaki du, eta 2.552.045.817 euroko mailegu-eragiketak hitzartzea baimendu du, 2021eko Aurrekontuen Legea aldatzen duen Legearen artikulu bakarrarekin bat etorriz.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatuko dituen hiru laguntza-lerrori. Batetik, 445.000 euroko programa, arte plastikoen eta ikusizkoen eremuko jarduerak sustatzeko eta garatzeko. Bestetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beste 200.000 bideratuko ditu kultur jarduera eta ekitaldietako publikoak areagotzeako, dibertsifikatzeko eta fidelizatzeko helburuarekin. Halaber, Eusko Jaurlaritzak 105.000 euro gehiago bideratuko ditu komikiak, nobela grafikoak edo irudiz apaindutako liburuak sortzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena