Basque Green Deal ekimenak ongietorria egiten die Bioterra Azokara datozen bisitariei

2021-06-04

Ia sei metro luze den ilustrazio handi batek erakusten du pertsonen eguneroko erabakiek eragina dutela Europako erakundeek sustatutako itun berdearekin zerikusia duen guztiarekin; energia-efizientzia, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hurbileko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra dira Energiaren Euskal Erakundeak, Ihobek eta Hazik diseinatutako standak aztertzen dituen gaiak anbizio handiko Basque Green Deal proiektuaren barruan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak gaur parte hartu dute Bioterra azokaren inaugurazioan, zeina datorren igandera arte (ekainak 6) Ficoban garatuko den. Beste agintari batzuek ere parte hartu dute inaugurazio ekitaldian, eta bisita egin diote Basque Green Deal ekimenaren bidez Europako itun berdearen espiritua islatzen duen Eusko Jaurlaritzaren standari. Ekonomia- eta ingurumen-arloko ibilbide-orri honen ardatz nagusiak aztertzea bilatzen du ekimenak, hala nola emisioen murrizketa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra hondakinak baliabide-iturri bezala erabilita, energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, elikagai-katearen jasangarritasuna edo zero kutsadura ingurune osasungarri bat lortzeko. Horiek dira, besteak beste, standak erakusten dituen gaietako batzuk, eta bertan informazioa lortu ahal izango da, halaber, beste zenbait gairi buruz, hala nola mugikortasun alternatiboa, Ekiola proiektua edo "on egin" bonuak.

Basque Green Deal proiektuko standean ia sei metro luzeko ilustrazio handi bat gailentzen da, oso kolorista, jasangarritasunarekin konprometitzeko egunerokoan har daitezkeen erabakiei buruz gogoeta egitera gonbidatzen duena. Efizientzia-irizpideekin lerrokatzea, energiaren arrazoizko kontsumoa, hurbileko produktuen kontsumoa, berrerabilera eta birziklapena etxeko esparruan ere egitea posible da.

Tapia sailburuak nabarmendu duenez, Energiaren Euskal Erakundea Bioterran izan da etengabe azokak orain betetzen dituen 18 urteotan, eta orain "adin-nagusitasun honetan egindako lan guztiaren fruituz, jasangarritasun-irizpideen araberako ekonomia- eta ingurumen-arloko helburuak lortzeko ibilbide-orri bat du Euskadik". Bestalde, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak balioan jarri duenez, itun berdeari lotutako ekimenen erakusleihoa izateaz gain, "herritarren kontsultetarako, eta energia aurrezteko laguntza-planak hedatzeko eta mugikortasun jasangarri baten aldeko apustua egiteko zabaldutako atea" ere bada Bioterra.