Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate-Eskolak jarduera-ziklo bati ekin dio erizaintzaren rola eta etorkizuneko erronkak aztertzeko

2020.eko urtarrilak 13

Erizaintzaren eta Emaginaren Nazioarteko Urtea dugula gogora ekarriz, 12 ekintza prestatu ditu, bana hilabetero, Nursing Now kanpaina globalaren helburuekin bat etorriz, eta Osasun Sailak zein Osakidetzak bat egin dute kanpainarekin

Programa gaur hasiko da, erizaintza historian aztertuko duen konferentzia batez

 

Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolak, Erizain eta Emaginaren  Nazioarteko Urtea 2020an ospatzen dela gogora ekarriz, jarduera sorta bat antolatu du, Nursing Now kanpaina globalarekin bat etorriz, eta Osasun Sailak zein Osakidetzak bat egin dute harekin, erizaintzaren lidergoa sendotzeko eta gizartean haren ikusgaitasuna sustatzeko. Bada, aurten, 12 ekintza programatu dira, hilabete banatan egitekoak, eta bertan erizaintzaren rola, lanbidean izandako aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak landuko dira.   

Programa gaur hasiko da, 11:00etan, Vitoria-Gasteizko Osakidetzaren Erizaintzako Unibertsitate Eskolako ekitaldi aretoan. Programaren hasieran, Nursing Now Euskadiren talde eragileko arabar ordezkariak izango dira: Nerea Gutiérrez, Adolfo Delgado eta Noelia Panadero, eta María Encarnación Betolaza eskolako zuzendariak haiek izango ditu aldamenean inaugurazio-mahaian.

Ondoren, bi erizain doktore (Manuel Ferreiro Adións, UPV/EHUko Erizaintza Saileko erizain irakaslea, eta Juan Lezaun Valdubieco, Arabako ESIko Lehen Mailako Arretako erizaina) historian lanbideak izandako nondik norakoez arituko dira hizlari gonbidatu gisa.

Hilero, erizainen jardunbideari lotutako gaien inguruko aurkezpenak egingo dira askotariko jardun-eremuetan (asistentzia, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa), eta ingurune zein errealitate desberdinetan (komunitatean, lankidetza-testuinguruan…) eta abarretan erizainak duen rola aztertuko da. 

 

HERRITARREI IREKITAKO JARDUERAK

Programazioan sartutako jardueren artean, ekain eta irailekoak kanpoaldean egingo dira, gizarteari irekita baitaude; zehazki, haurtzarotik sustatu nahi dute erizaintza (ekainean), eta herritarren osasuna sustatu, paseo osasungarri baten bitartez (irailean).

Gainera, maiatzean, Erizaintzaren Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, maiatzaren 12an egiten baita, Eskolak bat egingo du Nursing Now Euskadi talde eragileak programan jarritako jarduerekin.

Programa irailaren 11n amaituko da. Egun horretan, Inmaculada Moro Osakidetzaren Erizaintzako Zuzendariordea egungo gizartean erizaintzak aurrean dituen erronkez arituko da hizketan. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 13a