Tapiak garraio sektorearen lana goraipatu du eta zerbitzu guneetan garraiolarientzako gutxieneko estaldura ezartzeko eskaria egin dio Ábalos ministroari

tapia_reunion1.jpg

2020.eko martxoak 25

  • Eusko Jaurlaritzak bideokonferentzia bitartez hartu zuen parte atzo Garraio Sektorearen Konferentzian Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin eta gainerako Autonomia Erkidegoekin
  • Sailburuak esker ona bideratu nahi izan dio Euskadiko garraio publiko sektoreari “gizartearen beharrei erantzuteko egiten ari den esfortzuarengatik”
  • Tapiak euskal taxilarien kolektiboa jarri du eredu gisa “euren borondatez osasun administrazioetarako egiten ari diren lan diskretu eta ikusezinagatik”

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Garraio Sektorearen Konferentzian hartu zuen parte atzo, bideokonferentzia bitartez, José Luis Ábalos Garraio, Mugikortasun Hiri Agenda Ministroarekin eta gainerako Autonomia Erkidegoekin.

Eusko Jaurlaritzak bertan salatu zuenez, “jatetxe edo ostalaritza zerbitzuak dituzten zerbitzugune gehienak itxita daude”, eta hori ez dator bat Ministerioak berak emandako TMA 229/2020 Aginduan aurreikusitakoarekin. Aginduan ezartzen denez, gune horiek funtzionatzen jarraitu behar dute, garraiolarien beharrei erantzuteko.

Hori dela eta, Tapia sailburuak adierazi zuenez, “soilik garraiolarientzat irekita egongo diren jatetxe zerbitzuen gutxieneko estaldura ezarriko duen eta zerbitzu horiek non dauden adieraziko duen Ministerioaren Agindua eman beharko litzateke. Gune horiek jatetxe jarduera eman beharko lukete, 229/2020 Aginduan xedatutakoari erantzunez”.

Eusko Jaurlaritzak eskatu duenez, agindu berriak zabalik egon beharko luketen zerbitzuak arautu beharko lituzke, soilik profesionalentzako diren jatetxe zerbitzuak dituzten gune horiek “publikoak izatea” bermatuz, “informazio irekiarekin, guztiek jakin eta kontsultatu ahal dezaten”.

Tapiak deskribatu zuenez, proposamenaren xedea, “une honetan, herritar guztientzat beharrezkoak eta lehentasunezkoak diren ondasunen eta zerbitzuen banaketa bermatzen ari den sektoreko langileen oinarrizko baldintzak bermatzea” da.

Arazoaren jatorria

Alarma egoera adierazi duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezartzen duenez, gizarterako lehentasunezko helburuetako bat “osasun publikoa babesteko beharrezkoak diren ondasunen eta zerbitzuen banaketa ziurtatzea” da.

Horrekin bat etorrita, merkantzien garraioa mugikortasuna mugatzen duten neurrietatik kanpo geratzen da eta, ondasunak, materialak eta zerbitzuak bidaltzeko eta banatzeko aukera ematen da, eta horrek garraiolarien oinarrizko beharrak bermatzea eskatzen du.

Horregatik, martxoaren 15eko TMA 229/2020 Aginduaren helburua, garraiolari profesionalak beharrezko zerbitzu jakin batzuetarako sarbidea izango dutela bermatzea da:

  • Komun eta bainugela zerbitzuak dituzten erregaia hornitzeko eta materialak kargatzeko eta deskargatzeko establezimenduek horien erabilera bideratu beharko diete gidari profesionalei.
  • Sukalde, ostalaritza zerbitzu edo prestatutako janaria ematen duten makinak dituzten establezimenduek catering zerbitzua bideratu beharko diete gidari profesionalei.

Baina Agindu hori ez dator bat merkataritza jarduerarako aurreikusitako 463/2020 Errege Dekretuko 10. Artikuluan aurrikusten diren aparteko aldi baterako neurriekin. Horren 4. Atalean ezartzen denez, bertan behera geratzen dira ostalaritza eta jatetxe jarduerak.

Esker ona eta aintzatespena sektorearentzat

Sailburuak esker ona eta aintzatespena bideratu nahi izan dizkio Euskadiko garraio publiko sektoreari “zerbitzua ahal diren berme guztiekin, profesionaltasunarekin eta dedikazioarekin, emateko egiten ari den esfortzuarengatik”.

Tapiak euskal taxilarien kolektiboa jarri du eredu gisa “euren borondatez, era diskretuan, besteek ikusi gabe, osasun administrazioetarako egiten ari diren lanarengatik”. Azaldu duenez, Euskadin, taxiaren federazioaren bitartez, Osakidetzarekin lankidetzan ari dira, “osasun arloko profesionalak dagozkien zentroetara eramanez, eta profesionalei sintomatologia posiblea duten pertsonen edo pazienteen etxeetara heltzen lagunduz”.  

Hori dela eta, “norbanakoaren babeserako neurriak ematea” eta 463/2020 Aginduan aurreikusten diren maskarillak eskatzeko pausoak azkartzea eskatu du, sektoreak behar duen materiala azkarrago hel dadin.