Sonia Pérez Ezquerra sailburuak Euskadiren standa inauguratu du Fitur azokan

Euskadi

2020.eko urtarrilak 22

Gaurtik aurrera Euskadik 700 m2-ko stand bat du material birziklatuez egina, baliabide turistikoen hiru dimentsioko irudiekin eta gune profesional zabalago batekin.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak inauguratu du gaur Euskadiko standa Fitur-en, instituzioetako eta lurraldeetako ordezkarien eta sektoreko enpresen eta profesionalen aurrean. “700 m2 hauetan saiatu gara biltzen eskaintza anitza, oparoa eta kalitatekoa, gure tradizioetatik, gure historia industrialetik abiatuta, baina begirada berrikuntzan jarrita” azaldu du sailburuak.

2019ko datuak ikusita, oso urte positiboa izan da turismoaren arloan, non 3,8 milioi bisitariren marka berri bat lortu dugun. “Positiboa, batez ere, hazkunde hori modu desestazionalizatu batean gertatu delako; ez, ordea, udaldiko oporretako hilabeteetan kontzentratuta. Izan ere, 2018aren aldean, abuztuak (% 0,75) eta uztailak (% 1,28) urtean izan den hazkunde txikiena izan dute beste hilabete batzuen aldean, kontuan hartuta % 5etik gorakoa izan dela otsailean, irailean eta urrian”.

Horrek guztiak, jarraitu du sailburuak, “berretsi egiten du Euskadiko industria turistikoaren abagune ona, etengabe ari baita enplegua eta aukerak sortzen, eta gero eta ekarpen handiagoa egiten ari zaio BPGari. Eta, horregatik, jarraitu egingo dugu lanean hazkunde eutsi eta iraunkor bat ahalbidetzen duen turismo-eredu bat irmotzeko lerroetan”.

Sailburuaren jardunaren ondoren, Adriana Bilbaok “Burdina” ikuskizuna eman du, zeinak aipamen egiten dion, sailburuak analizatu bezala, “hain zuzen ere Euskadi plural horri, non flamenkoa, euskal tradizioa eta industria diren hari gidariak, meategia eta meatzaria atze-oihal gisa hartuta”.

Fitur-eko agenda

14:45ean hasten dira aurkezpenak standean “Erosketa-turismo arduratsuarekin”. Bertan, lankidetzarako memorandum bat sinatuko da Turismoaren Mundu Erakundearen eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren artean. “Euskal estrategia turistikoarekin” batera, gaur Sailak aurkeztutako berritasun nagusiak dira.

 

Bi aurkezpen horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak “BH, bide handia” erakusketan parte hartuko du; BH BIKESekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin lankidetzan garatutako proiektu bat da, Ekonomia, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko Sailaren zinegotzi Maider Etxebarria ordezkari gisa bertan zela.

 

Arabak, Gipuzkoak eta Bilbo-Bizkaiak ere partekatuko dituzte standean bildutako profesionalekin datozen urteotan egindako apustu nagusiak dagozkien lurraldeetan turismoaren arloan. Hala, Imanol Lasak, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea Departamentuko diputatuak, xehatu egingo ditu Gipuzkoako turismoaren garapenaren lerroak. Bere aldetik, Xabier Otxandianok, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Sailaren zinegotziak, eta Ainara Basurkok, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatuak, Bilbo-Bizkaiko produktu enoturistiko berri bat aurkeztuko dute.

 

Bere aldetik, Cristina Gonzálezek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapena Saileko foru diputatuak “Blaitu zaitez Arabaz” proiektuaz jardungo du, ura protagonista den eszenarioen bitartez lurraldea ezagutzeko.

 

Amaitzeko, Euskadiko standak beste bi aurkezpen gehiago hartuko ditu gaur. Bata, “Pasaiako II. Itsas Festibala”, maiatzaren 28tik ekainaren 1era arte izango dena, non Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Izaskun Gómez alkateak, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirolak Departamentuko diputatu Denis Itxasok eta festibalaren zuzendari eta Albaolako presidente Xabier Agotek jarduera kultural, gastronomiko eta musikalen programaren xehetasunak emango dituzten, bai itsasoan bai lehorrean izango direnak.

 

Irungo sukaldari Iñigo Lavadok itxiko du agenda bere liburuaren aurkezpenarekin: “Cocina de emociones”. Gozaraztearen emozioa baita, berak esan ohi duen bezala, bultzatzen duena.