Lezo, ohitura osasungarriak sustatzen dituen herria

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

Irudia - Lezo, ohitura osasungarriak sustatzen dituen herria

Lezoko Zer Berri udal aldizkariaren martxoko aleak ohitura osasungarrien sustapenaren gaia jorratu du. MuittuLezo, jarduera fisikoko orientazio zerbitzua eta Lezon abian dauden beste hainbat ekimen azaltzen ditu.

1- Lezoko ibilbide osasungarriak: Lezoko landa ingurunean 3 ibilbide proposatzen dira: Xoxolurra Alarguntza (11km), Olazar Lorbide (4.5km) eta Altamira Bordatxo (3.4km). Herri gunean, aldiz, ia lauak eta irisgarriak diren beste 4 ibilbide: Lezo-Kaxko bidea (2,3km), Lezo-Pasai Donibane bidea (2,4km), Lezo-Zuhaizti bidea (3,1km) eta Lezo-Errenteria bidea (1,8km).

2- Parke osasungarriak: Andreone eta Euskal Herria plazako parke osasungarriak osatzeaz gain, Lopenen parke berri bat sortu da, hau ere, aurreko biak bezala, erresistentzia eta oreka lantzeko hainbat makinekin. Parke guztiak ibilbide osasuntsuetan barneratuta daude.

3- Metrominutu: herriko puntu batetik bestera oinez mugitzeko dauden distantziak eta denborak markatzen dituen mapa da. Bertan, metroko mapetan bezala, kolore ezberdinez markatu dira ibilbideak eta baita horien denborak ere.

4- Ur jolasen gunea: datorren udari begira, udal igerilekuak jolas-gune berria estreinatuko du. Helburu nagusia da familientzat eta bereziki haurrentzat jolas-gune berri eta freskagarria sortzea.

5- Jarduera fisikoko orientazio zerbitzua:  herritar guztiendako doakoa den zerbitzu honek Lezoko erakunde ezberdinen (osasun zentroa, ongizate eta kirol sailak eta ikastetxeak) arteko lankidetza du ardatz. Jarduera fisikoaren bitartez herritarren aktibotasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzean datza. MuittuLezo estrategiaren baitan kokatzen da, Tipi-Topa eta Martxan ekimenekin batera.

Hemen ale osoa irakurtzeko aukera.