Lehenengo aldiz, gehiago dira Gazteen Euskal Behatokiaren inkesta bat euskaraz erantzuten ari diren gazteak, gaztelaniaz egiten ari direnak baino

Argitalpen-data: 

Azaroaren 20an Gazteen Euskal Behatokiak inkesta online bat, autobetegarria dena, atera zuen, 15 eta 29 urte bitarteko gazteek beraiek erantzun dezaten.

Inkesta ixteko egun gutxi falta direnean, ikus dezakegu lehenengo aldiz Gazteen Euskal Behatokiak egiten dituen inkestetan, gehiago direla inkesta hori euskaraz osatu duten gazteak, gaztelaniaz bete dutenak baino; gazteen % 52,3k euskaraz egin baitu eta % 47,7k gaztelaniaz.

25 urtetik beherako gazte gehienek euskaraz osatu dute inkesta; 25 eta 29 urte bitartekoen artean, aldiz, gehiago dira gaztelaniaz erantzun dutenak.

Araban edo Bizkaian bizi diren gazteen artean gehixeago dira inkesta gaztelaniaz osatu dutenak, euskaraz egin dutenak baino. Aitzitik, Gipuzkoan edo momentu honetan Euskaditik kanpo bizi direnen artean, gehiago dira euskaraz egin dutenak; izan ere, gipuzkoarren artean euskaraz egin dutenen kopuruak bikoiztu egiten du gaztelaniaz egin dutenena.

Euskaraz eta gaztelaniaz erantzun dutenen ehunekoak, adinaren eta bizilekuaren arabera

Inkestaren hasiera eta iraupena 2020. urteko Euskaraldiaren hasierarekin eta indarraldiarekin bat datoz. Horrek, agian, gehiago motibatu ditu gazteak euskara erabiltzeko.

Gazteen Euskal Behatokitik txalotzen ditugu inkesta euskaraz osatzera animatu diren gazteak.