Josu Erkorekak pandemia honen une gogorretan euskal langile publikoek egindako lana aitortu eta eskertu du

2020.eko ekainak 11

  • Gaur egun, langileen % 70ek aurrez aurre egiten du lan

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordearekin eta Juan María Barasorda Funtzio Publikoko zuzendariarekin batera, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro Carolina Darias-ek deitutako Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialean parte hartu du gaur.

Josu Erkorekak pandemia honen une gogorretan langile publikoen lana aitortu eta eskertu du. Hala, "kausa publikoarekiko konpromisoa bermatzeko lan ausarta egin duten" langile publikoek erakutsitako konpromisoa nabarmendu du, ez bakarrik osasunaren, segurtasunaren edo oinarrizko zerbitzuen “lehen lerroan egon direnak, baizik eta funtsezko zeregina bete behar duten langile guztiena". “Une honetan aurre egin beharreko etapan, inork ez du zalantzan jartzen sektore publikoaren protagonismoa funtsezkoa izango dela. Gizartea sektore publikoaren jarduera konprometituaren zain dago, eta horrek zerbitzu publikoarekiko konpromisoa bermatzera bultzatzen ditu langile publikoak ".

COVID-19 TELELANA

Gai-zerrendako lehen gaiari dagokionez (telelanaren erregulazioa), Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du pandemiaren aste gogorrenetan Euskadiko Administrazio Orokorreko lan presentziala % 20ra jaitsi zela: "Bat-batean behartuta egon ginen prestazio ez-presentzialera". Gaur egun, langileen % 70 aurrez aurre ari da lanean, eta gainerako % 30ek telematikoki jarraitzen du lanean.

Zentzu horretan, argi utzi du telelana ez dela "erronka teknologiko bat bakarrik, baita antolakuntzakoa ere. Langileak eta erakundea ase behar ditu". Hori dela eta, Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroari eskatu dio, iragarri duen bezala, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua berrikusi behar duenean, lan ez-presentziala arautzeko, "gutxienekora mugatutako perimetro batean" egin dezala. Ez dadila inola ere hedagarria izan, Estatuak Funtzio Publikoaren arloan dituen oinarriak, oro har, zabalegiak direlako eta berezko erregulazioari tarte txikia uzten diotelako.

Bigarrenik, Josu Erkorekak eskatu du arlo honetan arautuko dena "zorrotza, serioa eta sendoa" izan dadila, kontuan hartuta ez gaudela etxean ordenagailua eta konexioa izateko erronka teknologiko baten aurrean, baizik eta benetan eraginkorra izan dadin antolatu eta ebaluatu behar den lan baten aurrean. Zentzu horretan, autonomia erkidego askok, Euskadik kasu, Espainiako Gobernuak kontuan hartu beharko lituzkeen telelanaren inguruko arauak dituztela esan du.

BITARTEKO LANGILEAK

Europako Justizia Auzitegiak administrazio publikoetako aldi baterako langileei buruz emandako epaiari dagokionez, Josu Erkorekak nabarmendu epaia konplexua dela, xehetasun desberdin askorekin, irakurketa ugari izan dezakeena. Bere ustez, langile publikoak erreklamazioak egiten ari dira auzitegietan, "beren egoerak sendotuko dituzten epaiak lortzeko edo behin-behinekotasuna enplegu finko bihurtzeko edo lan-arloan ezarritakoaren pareko konpentsazioa lortzeko".

Hori dela eta, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza erronka horri aurre egiten ari da, eta Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroari eskatu dio Espainiako Gobernuak bitartekotasun tasa handiei aurre egiteko aurreikusitakoak zehazterakoan kontuan har dezala "behin-behinekotasun hori, batzuetan emaitzak oso asimetrikoak direlako lurraldeen eta auzitegien arabera".