Ingurumen Sailak enpresekin eta zabortegiekin lanean jarraitzen du, Verter Recycling zabortegira eramaten ziren hondakinentzat konponbide bila

2020.eko otsailak 27

Ingurumen Sailak lanean jarraitzen du, Ekonomiaren Garapen Sailarekin, eraginpeko enpresekin eta Euskadin dauden zabortegiekin batera, zaborrak Zaldibarko Verter Recycling instalaziora eramaten zituzten industriek sortutako hondakinentzat alternatibak bilatzeko, instalazioak itxita geratu izanak industria horien ekoizpen-jardueran eta ingurumenean dituen ondorioak minimizatzeko.

Zehaztu behar da industria-hondakinen kudeaketa horiek sortzen dituenaren erantzukizun ukaezina dela, eta Sailak, bere eginkizun nagusia ingurumen-kontrola izanik, Zaldibarko zabortegiaren mende zeuden enpresen hondakinei premiazko irteera ematen laguntzeko zeregina hartu duela bere gain. Helburu horrekin, Ingurumeneko sailburuordeak hainbat kudeaketa egin ditu, eta, besteak beste, bi bilera egin ditu Euskadin dauden zabortegi publiko eta pribatuen eta egoera honek gehien kaltetu dituen industria-sektoreetako elkarteen ordezkariekin. Bestalde, bi ebazpen onartu ditu egoera honen aurrean zabortegien laguntza eskatzeko eta arriskutsuak ez diren hondakinak berehala eta epe laburrera eta ertainera hartzeko horien ahalmena eta prestasuna zein den jakiteko.

Jarduketa horiek ez dute zerikusirik Iñaki Arriola sailburuak asteazkenean Basque Ecodesign Meeting biltzarrean egindako hausnarketarekin, adierazi baitzuen goitik behera aztertu behar dela Euskadiko hondakinak kudeatzeko eredua, birziklatzeari eta balorizazioari lehentasuna emanez, zaborra botatzea azken aukera izan dadin. Alde horretatik, baloratu zuen hondakinak zabortegian desagerraraztea irtenbide “erosoegia eta merkeegia” izan dela horiek sortzen dituztenentzat, eta disuasiokoa izango den zerga ekologiko bat edo ekotasa bat ezartzea komeniko litzatekeela.

Zabortegien datuetan eta erantzunetan oinarrituta, sailburuordea enpresen hondakinei erantzuna emateko eta hondakin horiek bideratzeko formularik bideragarriena zein den aztertzen ari da, hondakin-motaren arabera:  altzairugintzako zepak, papergintzako lohiak, eraikuntzako eta eraisketako hondakinak eta beste batzuk. Konponbideak tartean diren eragile guztien laguntza eta konpromisoa eskatzen ditu.