Informazio-oharra: Lehen Arreta

2020.eko irailak 18

Sindikatuek Euskadiko osasun publikoaren eremuan, eta gaur, zehazki, lehen mailako arretaren eremuan deitu dituzten mobilizazioak direla eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak honako hau adierazi nahi dute:

 

  • Ulertzen dute Covid-ak osasungintza-sisteman duen inpaktuak eragiten duen ardura, eta aintzatetsi eta balioetsi egiten dute beren profesionalen lana. Beraiek ere uste dute pandemiak argi utzi duela Euskal Osasun Sistema indartu beharra dagoela, herritarrek aurrez aurre dituzten osasun-mehatxu berriei erantzun egokia emateko.

 

  • Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arreta eta osasun publikoa, oro har, sendotzeko duen konpromisoa benetakoa eta erabatekoa Lehen ere bazen eta orain ere bada, eta hala jaso da Eusko Jaurlaritzak bere Gobernu Programan bere gain hartutako konpromisoetan; besteak beste, datozen lau urteotan 4.000 plaza sortzea aurreikusten du.

 

  • Langileek mobilizaziorako duten eskubidea errespetatzen dute, baina ez dute uste unerik egokiena denik. Ondorioak Euskadiko herritarrek jasango dituzte, eta are gehiago pandemiaren garai honetan. Gogorarazten dute beti egon direla elkarrizketarako prest eta orain ere prest daudela, eta ahalik eta lasterren eragile sindikal guztiekin batzeko borondatea iragarri dute, planteatutako beharrei erantzun egokia emateko elkarrekin lan egiteko asmoz.

 

 

Osasun publikoarekiko eta Lehen mailako arretarekiko konpromisoa jaso da dagoeneko hartutako erabaki batzuetan. Besteak beste:

  • Osakidetzak egiten dituen inbertsioetako hiru euroko bat lehen mailako arretara bideratzen da.
  • 2019a eta 2020a bitartean, 145 plaza berri sortu dira, guztira, lehen mailako arretan. Gainera, hurrengo LEPak 953 lanpostu berri aurreikusten ditu, hau da, orain arte egindako egiturazko plantillaren handitze handiagoa.
  • Lehen mailako arretaren sistemen parkea berritu egin da, eta, horrela, 5 mila ordenagailu baino gehiago, 4 mila inprimagailu baino gehiago eta konfigurazio bereziko 215 ekipo jarri dira.
  • Jarraitu da osasun-zentroak berritzen eta ekipamendu berriak sortzen.

Legegintzaldi honetan ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromisoa hartu dute plantillaren egonkortasunean eta osasun-ekipamenduen modernizazioan aurrera jarraitzeko.

Mundu-mailan ziurgabetasun handiko une honetan, hurbilagokoa den eta pertsonen zerbitzura dagoen osasun-estrategia garatzeko konpromiso irmoari eusten diote. Hori horrela, Euskadin bizi diren pertsonen osasun-asistentzia bermatzeak du lehentasuna. Hori dela eta, dagoeneko hartu diren neurriek eta etorkizunekoek lehen mailako arreta sendotuko dutela nabarmendu nahi dugu, eta, hala, integrazio asistentzialean aurrera egingo dela.