Hiru mila eta bostehun lagunek baino gehiagok osatzen dute uztailaren 12ko hauteskundeetako boto-zenbaketak biltzeko eta hedatzeko dispositiboa

2020.eko uztailak 11

Beste 24.102 lagun hauteskunde-mahaietako titular eta ordezko izendatu dituzte

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailak 11

Segurtasun Sailak koordinatuta, 3.500 lagun baino gehiagoko taldea arduratuko da bihar, uztailak, 12, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako boto-zenbaketak biltzeaz eta hedatzeaz, hauteslekuak ixten dituztenetik bi ordu eta erdiko epean. Horrez gainera, beste 24.102 lagun (8.034 titular eta 16.068 ordezko) izendatu dituzte 2.678 hauteskunde-mahaiak osatzeko. Dispositiboari buruzko xehetasunak eta hauteskunde-prozesuarekin zerikusia duten zifra guztiak gaur eman dituzte Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Eugenio Artetxe Hauteskunde Prozesuen zuzendariak, Gasteizko Lehendakaritzan, Emaitzak Aurkezteko Zentroaren egoitzan bertan, eman duten prentsaurrekoan.

Gaur goizeko esku-hartzeari hasiera emateko, sailburuak nabarmendu nahi izan du hauteskunde-prozesuan hedabideak herritarren alde egiten ari diren ahalegina. Jarraian, prozesuari buruzko zifra nagusiak aipatu ditu. Emandako datuen artean, besteak beste, erroldari, hauteslekuei, hautagai-zerrendei, datuak hedatzeko sistemari, segurtasun-dispositiboari, hauteskundeetarako materialari eta hauteskunde-eguneko informazio-aurreikuspenei buruzkoak aipatu ditu.

68.790 dira hauteskunde autonomiko batzuetan botoa lehenengo aldiz eman ahal izango duten gazteak

Sailburuak hainbat alderdiri buruzko datuak nabarmendu ditu, eta, besteak beste, jakitera eman du hauteskunde-errolda 1.794.316 hauteslek osatzen dutela (EAEn bizi diren 1.718.318 egoiliarrek eta atzerrian bizi diren 75.998k), eta horrek adierazten du hautesle-kopuruak gora egin duela 2016ko hauteskunde autonomikoetako erroldarekin alderatuta, une hartan hautesleak 1.783.420 baitziren (1.714.261 erroldan alta emanda zeuden eta EAEn bizi ziren hautesleak, eta 69.159 atzerrian bizi zirenak). Sailburuak azpimarratu duenez, esanguratsua da 2016ko hauteskundeez geroztik 18 urte bete dituztelako hauteskunde autonomiko batzuetan botoa lehenengo aldiz eman ahal izango duten gazteen kopurua, 68.790 baitira. (35.041 Bizkaian, 23.797 Gipuzkoan eta 9.952 Araban)

Hauteslekuak guztira 761 izango dira (2016an baino 41 gehiago) eta hauteskunde-mahaiak 2.678 (2016an baino 85 gehiago). Mahai horiek zozketa bidez izendatutako 24.102 pertsonak osatuko dituzte, horietatik 8.034 titularrak eta 16.068 ordezkoak.

Hauteslekuak honela banatuko dira lurraldez lurralde: 105 Araban, 369 Bizkaian eta 287 Gipuzkoan.

Hemezortzi hautagai-zerrenda

Hauteskundeetara guztira hemezortzi hautagai-zerrenda aurkeztuko dira –Estefanía Beltrán de Herediak zehaztu duenez–, horietatik hamabi EAEko hiru lurraldeetan aurkeztuko dira, bat bitan eta bost bakarrean.

3.500 lagunek osatutako dispositiboa

Botoak zenbatzeko, biltzeko eta hedatzeko prozesuarekin erlazionatutako dispositiboa zehaztasunez azaldu du Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak.

Artetxek azpimarratu duenez, prozesu osoa Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioetako sare informatikoaren bidez egingo da, eta hiru mila lagun baino gehiagoko taldea arduratuko da prozesu osoa gauzatzeaz. Taldea Zuzendaritzako teknikariek eta telefoniako, informatikako eta komunikazioetako espezialistek osatuko dute.

Hauteskunde-mahai bakoitzean EAEko Administrazioaren ordezkari bat izango da, eta hura arduratuko da datuak biltzeaz eta Eusko Jaurlaritzaren harrera eta tratamenduko zentralera, EIJIEra (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartera) bidaltzeaz. Zentral horretan prozesatuko dira datuak, eta berehala emango dira argitara Interneteko eta hedabideen eskakizunetara egokitutako hainbat formatutan.

Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialak emango ditu argitara datuak, Gasteizen dagoen Lehendakaritzaren egoitzatik, hiru lurralde historikoetan zenbatutako botoen ehunekoa adierazgarria denean; gutxi gorabehera gaueko bederatziak aldera.

Une horretatik aurrera –Artetxek azaldu duenez– boto-zenbaketa eta botoen eta jarleku-banaketaren informazioa zabalik egingo da eta etengabe eguneratuko da emaitzen % 100era iritsi arte (gutxi gorabehera gaueko hamar eta erdiak aldera).

Sailburuaren bost agerraldi

Bihar, igandea, Segurtasun Sailak etengabe emango du bozketa-prozesuaren bilakaerari buruzko informazioa, nagusiki sailburuaren esku-hartzeen bidez, bost agerraldi egingo baititu Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean.

Goizeko hamarretan, sailburuak agerraldia egingo du hauteskunde-mahaiak irekitzean gertatu ahal izan diren gorabeheren berri emateko. Ondoren argitara emango den prentsa-oharrean lehenengo orduetan izan diren gorabeheren berri emango da, halakorik izan bada, eta Segurtasun Saileko prentsa-zerbitzuak (94.607.92.82) egun osoan zehar eguneratuko du informazio hori.

Eguerdiko ordu batean, sailburuak bigarren agerraldia egingo du eguerdiko hamabietako parte-hartzeari buruzko datuak emateko (2016an % 15,40).

Arratsaldeko seietan beste agerraldi bat egingo du ordubete lehenagora arteko parte-hartzeari buruzko datuak emateko (2016an % 44,38).

Boto-zenbaketaren hasieran

Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak boto-zenbaketa hasita dagoela egingo du hurrengo agerraldia, hiru lurralde historikoetan zenbatutako botoen ehunekoa adierazgarria denean, gaueko bederatziak aldera, alegia, hauteslekuak itxi eta ordubetera.

Une horretatik aurrera, herritarrek zuzenean jarraitu ahal izango dute boto-kontaketa Sailak hedabideei etengabe helaraziko dizkien datuen bidez, kontaketaren % 100era iritsi arte. Kontaketa gaueko hamar eta erdiak alderako amaituko dela aurreikusten da, eta ordu horretan sailburuak azken agerraldia egingo du behin betiko emaitzen berri emateko.

Hamazazpi milioi eta berrehun mila boto-paper

Segurtasun Sailaren arduradunek gaur goizean egin duten agerraldian beste hainbat datu ere eman dituzte, biharkoa bezalako hauteskunde-deialdi bat antolatzeko egin behar den ahaleginari buruzko ikuspegi zehatza izateko.

Esate baterako –Hauteskunde Prozesuen zuzendariak azaldu duenez–, hauteskunde hauetarako 17 milioi eta berrehun mila boto-paper eta ia milioi eta erdi gutun-azal prestatu dira bozkatzeko mahaietan erabiltzeko eta posta bidez bozkatzeko. Horrez gainera, botoa posta bidez emateko 200.000 inprimaki, gutun-azal eta jarraibide-orri prestatu dira, bai eta mahaiko kideentzako 33.000 eskuliburu ere.

Bestalde –sailburuak adierazi duenez–, Segurtasun Sailak, Gurutze Gorriarekin eta DYArekin lankidetzan, gaixo dauden, ezinduta dauden edo mugikortasun mugatua duten eta botoa emateko eskubidea erabili nahi duten pertsonak garraiatzeko doako zerbitzua ere jarri du. Aurreko hauteskundeetan 141 lagunek erabili zuten zerbitzu hori.

Herritarren segurtasuna bermatzeko ahaleginari dagokionez, txanda bakoitzean herritarren babeserako 300 bat patruila izango dira egunean zehar hauteslekuetan sor litezkeen segurtasun-arazoei erantzuna emateko. Horrez gainera, Ertzaintza osoa, hau da, inteligentzia-zerbitzuak eta unitate espezializatuagoak, hala nola Esku-hartze Unitatea, Brigada Mugikorra, Zaintza eta Erreskate Unitatea, Txakur Unitatea, Lehergailuen Unitatea, Polizia Judiziala eta Trafiko Unitatea, operatibo egongo dira egun osoan zehar.

Prozesuari buruzko beste datu adierazgarri batzuen artean, honakoak aipatu dituzte: 125.000 eskaeratik gora jaso dira botoa posta bidez emateko, eta 2016ko hauteskundeetan 73.000 eskaera jaso ziren; hedabideetako ehun bat profesional akreditatu dira (bertakoak eta estatukoak) hauteskunde-egunaren jarraipena egiteko; Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak 136 sarbide informatiko jarriko ditu hedabideen, alderdi politikoen eta erakundeen esku hauteskunde-intranetaren bidez boto-kontaketaren bilakaera zuzenean jarraitu ahal izateko; herritarren ia berrehun eta berrogeita hamar kontsulta jaso dira idatziz hauteskunde-zerbitzuan; herritarren ia berrehun kontsultari erantzun zaie Zuzenean informazio-telefonoaren (012) eta hauteskunde-zerbitzuaren bidez; eta ia 67.000 bisita jaso ditu www.elecciones.eus webguneak. Horrek guztiak agerian jartzen du hauteskunde-prozesuak zer-nolako interesa sortzen duen euskal gizartean.