Hezkuntza sailak 240.000 euro bideratu ditu Udan euskaraz! programarako, euskara indartzeko jardueratarako (Gobernu Bilera 2020-7-7)

fotoconsejo.jpg

2020.eko uztailak 07

  • Jarduerak Hamaika Esku programako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. maila eta DBHko 2. maila bitarteko ikasleei zuzenduko zaizkie

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020ko oporraldian euskara indartzera bideratutako hezkuntza-jardueretan Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritu nahi duten erakundeentzako laguntzen deialdia egiten duen Agindua.

240.000 euroko kopuruarekin, Udan, euskaraz! deialdiak 2020ko udan garatuko diren jarduerak lagunduko ditu diruz. Aipaturiko jarduera horien xedea izango da euskarazko hizkuntza-konpetentzia indartzea Hamaika Esku programako ikastetxe publikoetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan eta DBHko 1. eta 2. Mailetan ari diren ikasleen artean. Hain zuzen, ikasle gehien biltzen diren udalerrietan gauzatuko da ekimena, hau da, Gasteizen, Oionen, Bilbon, Barakaldon, Sestaon, Donostian eta Irunen.

Udan, euskaraz! ekimeneko jarduerek 50 orduko iraupena izango dute, eta jolas giroan egingo dira. Besteak beste, kirolak, dantza, jolasak, antzerkia, literatura-solasaldiak edo irrati eta bideo grabaketa tailerrak izan daitezke jarduera horiek.

Deialdian 60 talde sortzea aurreikusten da, horietako bakoitzean 14 partaide gehienez ere. Jarduerak abuztuan egingo dira, bi alditan: lehenengo txanda, abuztuaren 1etik 15era, eta bigarren txanda, abuztuaren 15etik 30era. Ordutegia goizekoa izango da, kasu bietan.

Covid-19 eta euskarazko hizkuntza-konpetentzia

Covid-19 pandemiaren ondorioz, 2019-2020 ikasturtearen azken hilabeteetan ezin izan da ikasleekin aurrez aurreko irakaskuntza garatu, eta ikasle gehienak irailera arte ez dira klaseetara itzuliko. Testuinguru horrek, euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentziaren garapenen eragina eduki ahal izan du, batez ere, familia-hizkuntza eta ingurune soziolinguistikoa gaztelania edo beste hizkuntza bat duten ikasleen kasuan. Kontuan hartu behar da, gainera, ikastetxea dela ikasle horien kasuan euskararekin harremanean izateko aukera bakarra, ikaskuntza-hizkuntzaren bidez.

Beraz, Udan, euskaraz! ekimena egoera horri erantzun emateko proposamen osagarri gisa sortu da, eta udako oporretarako jarduerak diseinatzeko lehentasuna du. Horretarako, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarduera horietarako oinarriak prestatu ditu, Europako esparruko A2 mailako oinarrizko elementuak jasotzen dituztenak. Erakundeok kontuan hartu beharko dituzte oinarri horiek, aipatutako mailari dagozkion egiturak, hiztegia eta esamoldeak ikasleekin lantzeko.