Gobernu Kontseiluak 58,5 milioi euroko laguntzak onartu ditu industria, enplegua eta alokairuko etxebizitzak arrazoizko prezioetan sustatzeko

2020.eko ekainak 30

Gobernu Kontseiluak, gaur goizean, asteko bilera egin du. Bertan, besteak beste, honako akordio hau nabarmendu du: 28 milioi euroko  inbertsioa, Gauzatu programaren bidez, oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko ETEak garatzeko.Horren bidez, 500 enplegu sortuko dituen 100 milioi euroko inbertsio induzitua lortzea espero da.

Garapen ekonomikoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta basogintzako sektoreen eta arrantzako eta akuikulturako produktuen ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako laguntzak deitu dituen agindua ere onetsi da, 2.450.000 euroan. Bilera horretan, Euskadiko nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako sektoreko lanbide- eta enpresa-elkarte eta -federazioentzako laguntzak arautzen dituen agindua ere onetsi da.

Enplegua eta Gizarte Politikak

Gobernu Kontseiluaren azken bilera horretan, enpleguaren eremuan, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz jarduerak eten edo murriztu behar izan dituzten laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezientzako aparteko laguntzen deialdia onetsi da. Hala, Lanbidek 6 milioi euro bideratuko ditu xede horretara.

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Bestalde, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 22 milioi eurotik gorako inbertsioa egiteko, horren bidez Bilbon, Gasteizen eta Azpeitian etxebizitza sozialen eta gazteentzako zuzkidura-bizitokien hiru sustapen eraiki daitezen.

Segurtasuna

Segurtasun-eremua dela eta, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Dekretua onetsi du.

Horrez gain, Gobernu Kontseiluak, Segurtasun Sailak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden alderdi politikoei 2020ko apirilaren 6tik 2020ko uztailaren 12ra bitarteko (bihar barne) funtzionamendu-gastu arruntei aurre egiteko dirulaguntza ematea onartu du, 1.214.557 euro banatuko dira.

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Era berean, Gobernu Kontseiluak, gaur, lankidetza-hitzarmena onetsi du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artekoa, elkarri administrazio elektronikoko oinarrizko soluzioen prestazioa emateko.

Gainera, 2020. urte honetan Euskadiko foru- eta toki-administrazioetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko laguntzen –703.000 eurokoa– deialdia ere onetsi da.

Hezkuntza

Hezkuntza-eremuan, onartu egin da, batetik, eskolatze osagarriko programetarako 1,2 milioi euroko inbertsioa, eta, bestetik, ikasleen aita eta amen elkarteen federazio eta konfederazioentzako laguntzen deialdia, 350.000 euroan.

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak proposatuta, merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntzak deitu dira. Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko Laguntza Programaren bidez (MEM), Euskadiko saltokien berrikuntza eta haietako kudeaketa-tresnen eta azpiegituren hobekuntza sustatu nahi da, are gehiago COVID-19ak eragindako alarma-egoerak ekarri duen aparteko egoera aintzat hartuta. Ekitaldi honetan, aurrekontua 1.250.000 eurokoa izango da.

Kultura eta Hizkuntza Politika

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 3.150.000 euroko partida bati, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietako ikasleek euskara ikasteko prozesua diruz laguntzeko. Era berean, gaurko saioan, 500.000 euroko partida onetsi da, bitartekaritza eta berrikuntza kulturaleko eta sozialeko proiektuak bultzatzeko.

Horiek guztiak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, gaur, 460.000 euroko laguntza ere onetsi du, kultura- eta sormen-industrien sustapenarekin zerikusia duten proiektuetarako. Kopuru ekonomiko hori hiru dirulaguntzaren bidez bideratzen da.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena