Garamendi Sailburua Etika Publikorako Batzordearen burua izango da (Gobernu Bilera 2020-12-22)

fotoconsejo.jpg

2020.eko abenduak 22

Eusko Jaurlaritzak Etika Publikorako Batzordearen osaera onartu du gaurko  Gobernu Kontseiluaren bileran eta aurrerantzean Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi Landa izango da batzordeburu. Batzorde horren helburua da Eusko Jaurlaritzako kargu guztiek sinatu behar duten Etika eta Jokabide Kodean ezarritako aurreikuspenak betetzen direla zaintzea.

Etika Publikorako Batzordea organo paritarioa da eta, honenbestez, Jaurlaritzako kideen eta kanpoko adituen ordezkaritza bera izango du. Gauzak honela, Jose Maria Armentia Funtzio Publikoko sailburuordea batzordekide izango da estreinakoz. Aitzitik, Elisa Perez Verak eta Txetxu Ausin Diezek kide bezala jarraituko dute legealdi honetan ere. Perez Vera Nazioarte Zuzenbide Pribatuko katedraduna da eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratua izan zen 2001 eta 2012 artean. Ausin Diez filosofoa eta Etika eta Komunikazioaren Deontologiako irakasle laguntzailea da.

Alberto Saiz Garitaonandia Garamendi Sailburuaren Kabinete eta Komunikazio zuzendaria izango da Etika Publikorako Batzordearen idazkaria, ahotsarekin baina botorik gabe. Zuzenbide irakaslea UPV/EHUn, Saiz Auzibide zuzendaria izan da Eusko Jaurlaritzan 2013 eta 2020 artean.

Etika Publikorako Batzordearen eginkizunen artean dago Etika eta Jokabide Kodea betearaztea eta kargu publikodunei eta sail desberdinei gomendioak egitea kode hori bete dezaten. Halaber, Etika Kodean jasotako balio eta jokabideen balizko ezbetetzeei buruzko kexak edo salaketak jasotzen ditu eta, hala badagokio, horien tramitazioa bideratzen du.