Enplegurako prestakuntza-ikastaroen aurrez aurreko prestakuntza-jarduera abian jarriko da berriro, mailaz maila

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Lanbidek diruz lagundutako 2.232 prestakuntza-ekintza etenda geratu ziren 2020ko martxoaren 13an.
  • Hasteko baimena zuten 1.223 prestakuntza-ekintza ez dira gauzatu, covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz.

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak, osasun- eta hezkuntza-arloko erakundeek ezarritako jarraibideak jarraituz, atea ireki du enplegurako prestakuntza-ikastaroetan prestakuntza-jarduera presentzialari berriro ekiteko. Hala, 140 prestakuntza-zentro laguntzaileei jakinarazi die maiatzaren 25etik aurrera klase presentzialekin berriro hasi ahalko direla, mailaz-maila. Horrek prestakuntza-ekintzak eta lanez kanpoko praktiken moduluak barne hartzen ditu, posible badira. Gainera, baimenarekin hasi ez ziren ekintzak ekainaren 1etik aurrera has daitezke.

Ikastaroa ematen duen erakundeak edo prestakuntza-zentroak, aurretik, covid-19aren eraginpean egoteko arriskua murrizteko arrisku-plana prestatu beharko du. Nolanahi ere, Lanbidek, osasun-jarraibideei jarraituz, zentro laguntzaile guztiek bete beharrezko gutxieneko eskakizun batzuk ezarri ditu:

  1. Prestakuntza-erakundearen legezko ordezkariak honako hauek bermatu beharko ditu:

    a) Instalazioen erabileraren ezaugarriei eta intentsitateari egokitutako garbiketa- eta desinfekzio-neurri guztiak hartu dira, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 6. artikuluan deskribatutako baldintzetan. Gainera, higiene eta desinfekzio-produktuen beharrezko hornidura ikasleen eskura jarri beharko du.

    b) Pertsonen zirkulazioa antolatu da eta, beharrezkoa izan denean, espazioen banaketa aldatu da, osasunagintaritzak unean-unean eskatzen dituen pertsonen arteko segurtasun-distantziak mantentzen direla bermatzeko.
  2. Prestakuntza-postu bakoitzeko gutxieneko segurtasun-distantzia 2 metrokoa izango da. Distantzia hori mantendu ezin den gela edo tailerretan, prestakuntza-plangintza bat ezarriko da, taldeak banatuz, edo bestela, infekzioa prebenitzeko beste neurri alternatibo batzuk ezarriko dira, hala nola metakrilatozko holtzak eta abar. Neurri alternatibo horiek dagokion Laneko Prebentzio eta Osasun Zerbitzuak baliozkotu beharko ditu.

    Espazio komunetan, hala nola sarrera/irteerakoetan, korridoreetan edo pilaketak egon daitezkeen beste edozein eremutan, beharrezko babes-ekipamendua erabiliko da.
  3. Paperezko dokumentuak eta haien zirkulazioa ahalik eta gehien mugatuko dira.
  4. Jendeari arreta emateko tokiek prestakuntzaerakundeko langileak eta erabiltzaileak bereizteko neurriak izango dituzte.

Nolanahi ere, prebentzio- eta higiene-neurri horiek guztiak berrikusi ahal izango dira, osasun-administrazioak hartzen dituen erabakien arabera.

Ikasgeletara bueltatzeko, prestakuntza-zentroek emango dizkiete ikasleei parte hartzen duten ikastaroan emango diren urratsen berri. Horretarako, LAN-F aplikazioan 2020ko maiatzaren 8an EHAAn argitaratutako Akordioan jasotako covid-19aren inpaktuari aurre egiteko salbuespenezko neurrien inguruan jasotako kontsultei erantzuteko egindako dokumentu bat aurkitu ahal dute.