Emaitza mikrobiologikoek baztertu egin dute "Koronabirus" bidezko infekzioa Gurutzetan ospitaleratutako pazientean

2020.eko urtarrilak 25

Duela gutxi Txinako Wuhan hiria bisitatu zuen emakumeak, koronabirusarekin harremanik ez duen arnas koadro bat du

Osasun Saila eta Osakidetza erne daude, eta lasai egoteko eskatu dute

Analisi mikrobiologikoek negatibo eman dute koronabirus bidezko infekzioan. Hala baieztatu dio Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari Majadahondako Mikrobiologia Zentro Nazionalak, kasu horietan erreferentziazko laborategiak. Behin susmoa baztertuta, duela gutxi Txinara bidaiatu zuen emakumea isolamendutik atera da, eta bere egoeraren araberako mediku arreta jasotzen jarraituko du. Hurrengo orduetan alta emango diote.

Analitika negatiboaren ondoren, gaur egun, Euskadin ez da antzeman koronabirus horri lotutako infekzio-kasurik. Hala ere, Osasun Saila eta Osakidetza adi daude, eta euskal herritarrei lasaitasun mezua helarazi diete.

Susmoaren kasu honetan, agerian geratu da prebentzio-, detekzio-, jarraipen- eta jarduera-sistema sendoa dela. Euskadik badu jarduteko protokolo bat, ospitaleetako larrialdietako eta Etengabeko Arreta Guneetako profesionalak, Osakidetzako larrialdi-sarea eta ESI bakoitzean zuzeneko arduradunak dituzten ospitale-zerbitzuak barne hartzen dituena. Hori guztia zaintza epidemiologikoko sarearen ikuskaritzapean eta Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordearen aholkularitzapean. Gainera, Osasun Saila harremanetan dago Ministerioarekin.

Aipatutako prebentzio-sistemez gain, azpimarratu behar da, gripearekin bezala, garrantzitsua dela neurri higienikoak hartzea, hala nola eztuletik eta doministikutik babestea, eskuak xaboiarekin maiz garbitzea eta erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.