Aurten ere, Bilboko Udalak aire zabaleko ariketa fisikoaren aldeko apustua egin du, Bilboko barrutietan dauden parke biosasungarriak dinamizatuz. Pandemia gorabehera, programak interes handia sortu du 65 urtetik gorako bilbotarren artean, egunero egiten zituzten jarduerak murriztuta ikusi ondoren.
Pasa den asteartean, azaroak 17, Sarrikoko parke biosasungarriak partaidetza-tasarik altuena lortu zuen 2017-2018 ikasturtean programa hasi zenetik, eta 32 pertsona joan ziren ariketa fisikoa egitera, begirale baten gidaritzapean (segurtasun-neurriak errespetatuz eta gehienez 6 pertsonako taldeetan banatuta).
Covid-19k ezartzen dizkigun murrizketa guztiak gorabehera, zoragarria da jarduera fisikoa egiteko eta bizimodu aktiboa bilatzeko konpromisoa duten pertsonak ikustea. Fisikoki, psikologikoki eta sozialki dituen onurak ezagututa, parte-hartzaileek jarduera "beharrezkoa eta bizia" dela diote.
Onartu behar dut emozioa eta frustrazioa sentitzen dudala lerro hauek idatzi ondoren. Alde batetik, Bilboko Udala zoriondu nahi dut programa hau bultzatzeagatik, kolektibo horren beharrei erantzuteagatik eta gizarte aktibo baten alde egiteagatik. Parte hartzaileen gogobetasunarekin geratzen naiz. Baina, bestalde, pena ematen dit osasun-krisiak horrelako programak geldiaraztea, une honetan inoiz baino beharrezkoagoak baitira. Ez dezagun ahaztu ariketa funtsezkoa dela osasun ona, ongizate-maila handiagoa eta bakardadetik urrunduko dituen harreman sozial osoak mantentzeko.
Nik aire zabaleko jarduera fisikoan sinesten dut. Eta zuk?