ASLEren Batzarraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak partaidetzako sozietateak sortzea eta indartzea errazteko hartutako konpromisoa berretsi du.

2020.eko urriak 28

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak erakunde, eragile ekonomiko eta sozial guztien erantzukizuna eskatu du, baina baita herritarrena ere, COVID pandemiaren eraso berria gainditzea lortzeko, gizarte-kontzientzia, konpromisoa eta lan-sozietateek ordezkatzen duten lankidetza oinarri hartuta.

ASLEren Batzarraren hasiera ekitaldian, Mendiak gogorarazi du duela lau hamarkada lan-sozietateak krisi bati erantzuteko sortu zirela, eta beste hainbat gainditu dituztela, jarduera ekonomikoari gizarte-erantzukizunaren, parte-hartzearen, jasangarritasunaren, lankidetzaren, tokiko garapenarekiko konpromisoaren eta enpleguaren egonkortasunarekiko eta kalitatearekiko konpromisoaren balioak emanez.

"Inoiz baino gehiago behar ditugun balioak dira, eta guztioi dei egiten digute: erakunde guztiei, eragile ekonomiko eta sozial guztiei eta herritar guzti-guztiei. Momentua oso delikatua da. Dena jokatzen ari gara, gure jarrera politiko, ekonomiko eta hiritarrarekin. Berariaz aipatzen ditut lan-sozietateen balioak, bazter guztietara zabal daitezen. Erantzukizunera, kontzientzia sozialera eta guztion ongiaren aldeko lankidetza osora jotzen dut. Hemendik irtetearen eta guztiok batera irtetearen alde ", nabarmendu du.

Lehendakariordeak adierazi duenez, ildo horretan, partaidetutako sozietateak "etorkizuneko apustua" diraeta egungo krisian ere Eusko Jaurlaritzaren erabateko babesa izango dutela. Ildo horretan, ekonomia eta enplegua suspertzeko Gobernu programak eta Berpiztu programak ekonomia sozial mota ezberdinei buruzko atal zehatzak jasotzen dituztela gogorarazi du.

Hala ere, "Hau ez da Sail baten zeregina, Gobernu osoaren zeharkako jarduera baizik, eta Gobernu guztiak inplikatu nahi ditugu, udal eta foru aldundietatik Espainiako Gobernura", gaineratu du. Horretarako, duela hiru aste Lan ministroari indarrean dagoen legedia erreformatzeko proposamen bat helarazi ziola azaldu du, langileek itxierara irits daitezkeen proiektu bideragarrien ardura hartu ahal izan dezaten, bereziki familia enpresak.

"Zuen eskaria da, eta geure egiten dugu. Herrialdearekin eta enpleguarekin konprometitu nahi dutenei gauzak erraztu behar dizkiegu. Langabeziaren kapitalizazioa ondorengotza eta sozietate erreleboko enpresentzat nola egokitzen dugun aipatu behar dugu, eta Europako lege-esparru baten beharraz hitz egin behar dugu, enpresa-irtenbide parte-hartzailea indartzeko zuzentarau baten bidez ", azaldu du. 

Lehendakariordeak Europak finantzatuko dituen proiektu estrategikoen aurrean aurkezten diren aukerak ere aipatu ditu. Proiektu horietan, lan-sozietateak kate-mailatzat aurkezten dira, plan horiek burutu ahal izateko. "Next Generation proiektu europar handia gobernu guztiei eta enpresa ekimen guztiei irekita dago. Ez dago enpresa txikirik, ezta ideia txikirik ere, baldin eta irekitzeko eta ahalegin partekatuko proposamenetan laguntzeko prest badago ", gaineratu du.